Gizartea -
Sexu abusuak
Adingabeekin lan egiteko baimena eman diote hiru neskatori sexu abusuak egitea leporatutako masajistari
Justiziak defentsaren helegitea onartu du, izan ere, prozesuko ordenamenduak ez du aurreikusten "lanbide jakin batean aritzeko gaitasungabetze berezia" kautelazko neurri gisa.
Agentziak | Eitb Media
Gipuzkoako Auzitegiak indarrik gabe utzi du Donostiako epaitegi batek 13, 14 eta 15 urteko hiru neskatori ustez sexu-abusuak egiteagatik ikertzen ari den masajistari kautelazko neurri gisa ezarri zion debekua, 18 urtetik beherakoekin lan egitekoa.
Gizonezkoa maiatzean atxilotu zuten, adingabeetako batek bere aurkako salaketa aurkeztu ostean; horri beste bi biktimenak batu zitzaizkien gero, eta, Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, "ustez masaje saio bana jasotzera joan ziren".
Ondoren, Donostiako Guardiako Epaitegiaren esku utzi zuten gizona, eta hark aske utzi zuen behin behinean, karguekin. Hala ere, kautelazko neurriak ezarri zizkion epailearen aurrean agertzeko prest zegoela eta biktimen babesa bermatzeko, bai eta delitua errepikatzea saihesteko ere.
Zehazki, ikertua 18 urtetik beherako adingabeekin masajista gisa aritzeko gaitasunik gabe utzi zuten, eta, gainera, ustezko biktimekin komunikatzea eta haiengana 500 metro baino gutxiagora hurbiltzea debekatu zioten.
Era berean, epaitegiak pasaportea kendu zion eta Espainiatik ateratzea debekatu, eta astean bitan epailearen aurrean agertu beharra ezarri zion, ihes egin ez zuela ziurtatzeko.
Kautelazko neurriak hartzeko autoan, epaitegiak ebatzi zuen gertakariak hiru sexu-abusu delitu izan zitezkeela, horietako bakoitza zortzi eta hamabi urte arteko espetxealdiarekin zigortua.
Masajistaren defentsak, Juan E. Alvarez Fanjul abokatuak, helegitea aurkeztu zuen neurri horien kontra, eta Gipuzkoako Auzitegiak berretsi egin ditu kautelazko neurri guztiak, adingabeekin lan egiteko debekua izan ezik.
EFE agentziak esku artean duen autoak jasotzen du, Gipuzkoako Auzitegiko Hirugarren Sekzioak azaldu duenez, Espainiako ordenamendu prozesalean "behin-behineko espetxeratzearen ordezko neurri pertsonalak" badaude ere, hala nola "urruntze-aginduak", "ibilgailu motordunak gidatzeko debekua" eta "kargu publikoak etetea" kasu zehatzetarako, ez da "berariaz" jasotzen "lanbide jakin batean aritzeko desgaikuntza berezia".
"Beraz, ezarritako kautelazko neurria indarrik gabe utzi behar dugu", izan ere, hala dio autoak, "ez du gure zigor-arloko prozedura-legedian arau-estaldura saihestezina eta zehatza". Hala defentsaren helegitea onartu du neurri batean. Irmoa da ebazpena, ezin baita haren aurkako errekurtsorik jarri.