Gizartea -

Ipar Euskal Herria

Hiriburuko Aturri ikastetxean ez zen "kanpoko" inor sartu

Bi gizon alfonbra gainean otoitz egiten ikusi zituzten institutu ondoan, eta hainbat lekukok abisua pasatu ondoren, Poliziak alerta ezarri zuen balizko eraso baten aurrean egon zitezkeelakoan. Baionako fiskalak gaizkiulertua izan zela baieztatu du gaur.

Hiriburuko (Lapurdi) Aturri institutuaren kanpoaldea, ostegunean. Irudia: EiTB Media
Hiriburuko (Lapurdi) Aturri institutuaren kanpoaldea, ostegunean. Irudia: EiTB Media
Hiriburuko (Lapurdi) Aturri institutuaren kanpoaldea, ostegunean. Irudia: EiTB Media

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiriburuko (Lapurdi) Aturri institutuaren alboan, ostegunean, alfonbra baten gainean otoitz egiten ikusi zituzten gizonak, lantokira bidean zihoazen behargin musulmanak ziren. Lekuko batzuek, ikastetxean sartu zirela esan, eta Poliziak alerta ezarri zuen balizko eraso terrorista baten aurrean.

Jerome Bourrier Baionako fiskalak gaizkiulertua azaldu du ostiral honetan, ohar batean. Aturri institutuko 400 ikasle inguruk orduak eman zituzten konfinatuta. Gurasoen artean kezka handia piztu zuen gertakariak, eta dozenaka polizia zabaldu zituzten agintariek.

Pertsona horiek alfonbra baten gainean otoitz egin ostean, institutuan legez kanpo sartu zirela azaldu zuten hiru ikaslek. Fiskalaren arabera eta ikerketak baieztatu duenez, ez ziren ikastetxean sartu ere egin.

Ibilgailua ikastetxearen alboan aparkatu eta bertan otoitz egin zuten, baina ondoren lantokira joan ziren hirugarren pertsona baten autoan.

Hala ere, identifikatu eta galdekatu zituzten. Hiru langileek aurrekari judizialik ez zutela egiaztatu zuten. Gainera, zerbitzu sekretuak ez zituen fitxatuta.

"Baionako Fiskaltzak edozein hipotesi kriminal edo asmo maltzur baztertu du, zalantza guztiak argitu ondoren", idatzi du Bourrierek txio batean.

Ikasleen kontakizun okerrak Polizia nahastu eta otoitz egin zuten musulman batzuk ikastetxean sartu zirela aditzera eman zuen, eraso jihadista baten mamua azalduz.

Segurtasun indarrek institutuko instalazioak goitik behera miatu eta ikasleak blokeatu zituzten, arrisku guztiak baztertu arte.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea Paris Frantzia Baiona Biarritz Maule bideoak Donibane Garazi albisteak Hendaia Arrazismoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zuberoa azken ordukoa Lapurdi Nafarroa Behereko azken ordukoa