Gizartea -

Vitaldent

Auzitegi Nazionalak artxibatu egin du Vitaldenten aurkako auzia, iruzurra ezin frogatuta

Manuel Garcia Castellon epailearen ustez, ez dago delitu fiskala, iruzurra edo bidegabeko jabetza leporatzeko nahikoa zantzurik. Vitaldenteko frankiziatuek 2013an salatu zuten enpresak iruzur egiten ziela, bai eta bezeroei eta Ogasunari ere.

Vitaldent klinika baten irudia. EFE
Vitaldent klinika baten irudia.
Vitaldent klinika baten irudia. EFE

EFE | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Auzitegi Nazionalak Vitaldent kliniken ustezko iruzurren auzia artxibatzea erabaki du, Ernesto Colman enpresaburu uruguaitarraren eta 50 bat pertsonaren aurkako auzian ikertu dituzten delituak egiaztatu ez direlako, EFEk jakitera eman duenez. 

2013an hasi zen auzia, Vitaldenteko frankiziatuen salaketarekin. Colmanek 15 hilabete eman zituen behin-behineko espetxealdian, erakunde kriminaleko kide izatea, kapitalak zuritzea, dokumentuak faltsutzea, iruzurra egitea eta bidegabeko jabetzea egotzita. Orain, Manuel Garcia Castellon epaileak uste du ez dagoela nahikoa zantzurik leporatzen zitzaizkion delitu fiskalak frogatzeko, ez eta iruzurra edo bidegabeko jabetza egozteko ere. 

Ikertzaileek susmoa zuten pertsona talde batek, tartean garai hartan Vitaldenteko jabea zenak, "sistema konplexu bat diseinatu zuela frankiziatuei, bezeroei, pazienteei eta Ogasunari berari iruzur egiteko", eta, kupulak, urtero, 17,2 milioi euro jasotzen zituela beltzean, kateak zituen 146 kliniketatik.

Akusazioaren esanetan, gainkostuak ezartzen zitzaizkien frankiziatuei kliniken instalazio, muntaia, material eta errentetan. Gainera, horren iritzian, ustezko estortsio edo mehatxu jokabideak zeuden; izan ere, klinikei ezusteko eta etengabeko auditoriak egiten zizkieten, eta Vitaldenteko zentralak klinikei ematen zien Ulises izeneko finantza-kudeaketako sisteman mozketak izaten zituzten.

Epaileak autoan jasotakoaren arabera, baieztapen horien arabera Vitaldenten "negozio-eredua bera litzateke iruzurra, frankiziatuak engainatzera bideratua, eta horregatik, frankiziaren kontratua bera litzateke engainuaren oinarri". Horrek, epailearen ustez, "ez du inongo froga-oinarririk", eta "Espainian langile asko eta 300 klinika baino gehiago zituen enpresa da Vitaldent".

Kontratuaren klausuletan ere ezin izan zen iruzurra egin, Garcia Castellonen esanetan, sinatzaile guztiek "kontratuaren alderdi guztiak ondo ezagutzen zituztelako eta askatasun osoz jartzen zirelako kontratuaren mende".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Delituak Espainia bideoak Epaiketak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak