Gizartea -

ELKARRIZKETA

Miren Basaras: "Pandemia ez da amaitu"

Neurri murriztaileak arinduko diren honetan, barrualdeetan arreta berezia izaten jarraitzearen alde egin du EHUko Mikrobiologia irakasleak. Halaber, txertoaren dosiak iraungitzea salatu eta soberan daudenak beste herrialde batzuetara bidaltzea babestu du.

Miren Basaras EHUko Mikrobiologia irakaslea Radio Euskadin
Miren Basaras EHUko Mikrobiologia irakaslea Radio Euskadin
Miren Basaras: ''Barrualdean kontu handia izaten jarraitu behar dugu''

0:38

Onintza Aiestaran | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sorpresarik izan ezean, LABIren Aholku Batzordeak larrialdi egoera bertan behera utziko du gaurko bileran, murrizketa gehienak edo ia denak indargabetuz. Aitzitik, agertoki berri honen aurrean, beste behin zuhurtziaz hitz egin du Miren Basaras EHUko Mikrobiologia irakasleak. Egoera hobetzen ari dela onartu du, eta, ildo horretan, ontzat eman du neurri batzuk arintzea. Hala eta guztiz ere, babes neurriei eustearen alde egin du, maskararen erabileraren alde bereziki. Espazio itxietan, barrualdeetan eta jende asko elkartzen den espazio irekietan arretaz jokatzeko deia egin du. Txertaketari dagokionez, munduko biztanleria osoa txertatzea eskatu du. Berriki han eta hemen txertoak iraungi izana salatu, eta soberakinak beste herrialde batzuetara bidaltzea babestu du.

Txertaketaren harira ECDC Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroak ezarri zituen hiru helburuak gogora ekarri ditu: ospitaleratzeak gutxitzea, gizartea berriro irekitzea eta gaixotasuna desagerraraztea. Hirugarren helburu hori urrun dagoela ziurtatu du Basarasek.

Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan, sistema immunologiko ahula dutenei txertoaren dosi gehigarria jartzearen alde mintzatu da, atzo Europako Sendagaien Agentziak egin bezala. Dena dela, aipaturiko agentziak tokian tokiko gobernuen esku utzi zuen hirugarren txertoa populazio osora zabaltzeko erabakia.

Atzera begira jarrita, bi mugarri nabarmendu nahi izan ditu: koronabirusaren genoma publiko egin zuten eguna eta lehendabiziko txertoa jarri zutenekoa.

Udazkenari eta neguari begira, arazoak aurreikusi ditu koronabirusari gripea edota beste birus batzuk gehituko zaizkiolako. Udaberriari begira, ostera, agertoki hobea aurreikusi du, betiere birusaren mutazio berririk ez badago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza berriak Gaixotasunak bideoak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Zientzia albisteak Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza gaur Sendagaiak albisteak Txertoak egutegia Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusaren Eris aldaera gaur Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak albisteak Osasunbidea gaur