Gizartea -
Genero indarkeria
Gizon bat atxilotu dute Irunen, bikotekideari eraso egiteagatik
Emakumea zaurituta zegoen Donostian taxi bat hartu zuenean, eta bidean gertatutakoaren berri eman zion gidariari.
I. G. | EITB MEDIA
52 urteko gizon bat atxilotu dute Irunen, bikotekideari eraso egitea egotzita. Emakumea zaurituta zegoen Donostian taxi bat hartu zuenean, eta bidean gertatutakoaren berri eman zion gidariari.
Irungo Udalak jakitera eman duenez, asteburuan atxilotu dute, bere bezero batek kontatutako gertaera baten berri eman ostean taxilariak Udaltzaingoari.
Abisua jaso ondoren, patruila bat taxilariak emakumea utzi zuen lekura joan zen, eta kaleko atari batetik zetozen oihuak entzun zituen. Hori dela eta, hurbildu eta barruan bikote bat zegoela egiaztatu zuten.
Gizonak emakumeari eraso egin ziola zirudien arren, Ertzaintzari deitu zioten eta anbulantzia bat eskatu zuten. Bitartean, ustezko erasotzailea atxiki zuten, eta atxilotu egin zuten azkenean.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturrien esanetan, Ertzaintzak goizaldeko hirurak aldera jaso zuen abisua, eta bere ardurapean hartu zuen atxilotua, genero indarkeria kasuetan esku hartzeko eskumena Ertzaintzak baitu.
Horien arabera, gizona ertzain-etxera eraman zuten, eta emakumea, berriz, osasun zentro batera, zauriak baitzituen buruan eta hanka batean.
Ustezko erasotzailea epailearen esku utzi zuten, genero indarkeriako delitu bat egotzita, eta aske geratu zen haren aurretik igaro ondoren.
Irungo Udalak gertatutakoa deitoratu, eta "indarkeria mota guztiak" gaitzetsi ditu. Era berean, agenteei eskerrak eman dizkie, emakumea aurkitzeko eta "kalte handiagoak saihesteko inplikazioagatik", baita taxilariari ere, egindako lanagatik.