Gizartea -

Manifestazioa Bilbon

Bakearen aldeko azken 'keinua'

Patxi Lopez lehendakariak ezker abertzalearen falta deitoratu du. Bere ustez, ezker abertzalea bertan egoteak "elkarbizitza eta diskidetasuna"ren bidean "urrats" garrantzitsua izan zitekeen.

Bakearen aldeko koordinakundeak azken manifestazioa deitu du. Argazkia: EITB.
Bakearen aldeko koordinakundeak azken manifestazioa deitu du.
Bakearen Aldeko Koordinakundearen azken manifestazioa

01:58

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bakearen Aldeko Koordinakundeak azken manifestazioa egin du Bilbon, "Lortu dugu" lelopean. ETAren indarkeriaren amaiera ospatzeko. Martxa Bilboko Bihotz Sakratuaren plazatik abiatu da, 17:30ean, eta milaka pertsona bildu ditu.

Patxi Lopez lehendakaria manifestazioan izan da Rodolfo Ares eta Idoia Mendia sailburuekin batera. EAJ, PSE, PP, EA, EB, IU eta Geroa Bai alderdietako ordezkariak ere bat egin dute Bakearen Aldeko Koordinakundearen manifestazioan, eta UPyDk bertara joan ala ez erabakitzeko askatasuna eman die militanteei.

Zehaz mehatz, EAJ aldertitik, Iñaki Anasagasti, Iñigo Iturrate eta Izaskun Bilbao joan dira. Sozialisten kasuan, Odon Elorza izan da, eta PPko Iñaki Oyarzabal eta Borja Semper ere Bilbora joateko asmoa zuten.

Uxue Barkos ere manifestazioan egon da, baita EB-Berdeak alderdiko Jose Navas eta Ezker Anitza-IUko Mikel Arana ere.

25 urte "izuari aurre egiten"

Bakearen Aldeko Koordinakundeak gogora ekarri du azken 25 urteetan "izuari aurre egin" eta bizitzaren alde egin dutela. Gainera, "hainbeste bizitzen sakrifizioak" zertarako balio izan duen galdetu dute, biktimak "konpondu ezineko ondorioak, erremediorik gabeko emaitza eta odolez ureztatuko zuhaitzaren fruitu mingotsa" baitira.

Josu Cepeda eta Itziar Aizpuru koordunakundeko ordezkariek komunikatua irakurri dute, batak gaztelaniaz eta besteak euskaraz. Idatzi horretan euskal herritar askok "aspalditik" amesten zuten etorkizuna iritsi egin dela azpimarratu dute.

"Gaur, emozio handiarekin batera, arro sentitzen gara ibilbide luzeari amaiera eman diogulako, gure baliabide bakarra duintasuna izanda", esan dute.

Patxi Lopez: "Elkarbizitza eta elkartasuna"

Patxi Lopez lehendakariak ezker abertzalearen falta deitoratu du Bakearen Aldeko Koordinakundeak ETAren indarkeriaren amaiera ospatzeko egindako manifestazioan. Lehendakariaren ustez, ezker abertzalea bertan egoteak "elkarbizitza eta diskidetasuna"ren bidean "urrats" garrantzitsua izan zitekeen.

Manifestazioaren atarian, martxak leloaren esanahia (Lortu dugu) oso-osorik betetzen duela esan du euskal Exekutiboko presidenteak, izan ere, "totalitarismoarekin eta ETAren terrorismoarekin amaitzea" lortu da, eta horrek "izugarrizko garrantzia du".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea