Gizartea -
Erasoa
Aske utzi dute Zornotzako erasoarekin lotuta atxilotutako azken gaztea
Atxilotuak 20 urte ditu eta Leioakoa da. Guztira, 16 pertsona atxilotu dituzte eta justiziaren esku utzi dituzte: zortzi adingabe eta beste zortzi heldu. Bien bitartean, biktimak, Lemoako 23 urteko gazteak, koman jarraitzen du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Epaileak aske utzi du Zornotzako erasoarekin lotuta atzo atxilotu zuten azken gaztea, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Uztailaren 25ean, hogei bat pertsonak jipoia eman zioten Lemoako 23 urteko gazte bati.
Atxilotua 20 urtekoa da, eta Leioako bizilaguna. Guztira, 16 pertsona atxilotu eta justiziaren esku utzi dituzte: zortzi adingabe eta beste zortzi heldu.
Ikerketak irekita jarraitzen duenez, Ertzaintzak, Zornotzako Udaltzaingoarekin elkarlanean, erasoaren egile guztiak identifikatzeko eta aurkitzeko lanean jarraitzen du.
Erasoaren ondorioz, biktima koman dago Gurutzetako ospitalean, eta bere egoera "oso larria" da, garunaren bi aldeak "oso kaltetuta" baitaude Koala anaiak izeneko talde bortitzeko hogei bat lagunen "erasoaren ondorioz".