Gizartea -
Koronabirusa
Aburtok herritarrak zoriondu ditu "osasun neurriak errespetatzeagatik eta gizalegearen aurka ez egiteagatik"
"Bilboko herritarren jokabide orokorrarekin harro" dagoela azpimarratu du Bilboko alkateak. Testuinguru horretan, eskerrak eman, eta herritarrak zoriondu ditu Bizkaiko hiriburuan ez delako ospakizunik egin.
EITB Media
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak herritarrak zoriondu ditu egun hauetan orokorrean izandako jarreragatik; izan ere, koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz bertan behera geratu da 2021eko Aste Nagusia, eta Bizkaiko hiriburuan ez da jairik egin.
Twitterren zabaldutako mezu batean, Aburtok azpimarratu du "harro" dagoela "Bilboko herritarren jokabide orokorrarekin". Testuinguru horretan, eskerrak eman eta herritarrak zoriondu ditu "osasun neurriak errespetatzeagatik eta, gizalegearen aurka ez egiteaz gain, jarrera insolidariorik ez izateagatik".
Halaber, Bilboko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak egindako lana nabarmendu du alkateak, eraginkorrak izan diren segurtasun neurriak ezarri dituztela iritzita.
"Birusa garaitzeko, normaltasuna berreskuratzeko eta Bilbo suspertzeko bidea da", gaineratu du. Alkatearen esanetan, "Bilbo hiri eredugarria da".
Bi pertsona identifikatu dituzte Bilbon
Goizaldean, bi pertsona identifikatu dituzte covid-19aren aurkako araudia betetzen zela zaintzen ari zen Ertzaintzaren zein Udaltzaingoaren operatiboari bi botila botatzea egotzita.
Udaletik jakitera eman dutenez, "oso bakanak" izan dira arazoak. Kaleak hustean izan da gertaera hori, baina "ez du ondoriorik izan".
Hala, aurreko gauetan baino jende gehiago ibili arren, gaua "normaltasunez" joan dela eta jendeak "modu arduratsuan" jokatu duela nabarmendu dute Udaletik.