Gizartea -
KORONABIRUSA
Etxean positiboak identifikatzeko jarraibideak jasotzen ditu Ertzaintzak, SIPEk salatu duenez
Ertzaintzaren Sindikatuak azpimarratu duenez, praktika horiek pandemia hasi zenetik egiten dira, eta legez kanpokoak direla uste du; beraz, horrelakoak bertan behera uzteko eskaria egin du
AGENTZIAK | EITB MEDIA
SIPE, Ertzaintzaren Sindikatu Profesionalak salatu duenez, polizia-etxeak jarraibideak jasotzen ari dira patruilak etxe partikularretara joan daitezen, Osakidetzaren arabera positibo eman duten pertsonak eta haien gertukoak identifikatzeko. Sindikatuak legez kanpoko praktika bat dela uste du eta horrelakoak bertan behera uzteko eskatu du.
Egoera horren aurreran, SIPEk idatzi bat bidali dio Josu Erkoreka sailburuari. Testuaren arabera, Ikerketa Kriminaleko Alorreko Buruzagitza ertzain-etxeetara jakinarazpenak bidaltzen ari da, covid positiboen berri emateko, datu partikularrekin eta izen-abizenekin, beren etxeetara polizia-patruilak bidal ditzaten.
Sindikatuaren ustez, legez kanpokoa agindu bat da, "argi eta garbi", eta horrek Ertzaintzaren patruila horri kaltea baino ez diola eragingo uste du. Hori dela eta, horrelako praktikak bertan behera uzteko deia egin dio sailburuari.
Halaber, sindikatuak eskatu du gertaera hori Barne Arazoetarako Unitateari helarazteko, Ikerketa Kriminaleko arloburuaren eta unitateko buruzagitzen erantzukizunak ekar baditzakete ere.
Sindikatuko iturriek adierazi dute ez dela berria eta pandemia hasi zenetik egiten ari direla gisa honetako praktikak, eta Segurtasun Sailak egoera hori zuzentzen ez badu, salaketa aurkeztuko du Datuak Babesteko Euskal Bulegoan, eta, prest dago bide penalari ere ekiteko.
Amaitzeko, sindikatuak gogorarazi du presoen lekualdatzeetan, esaterako, ertzainek ez dutela positibo diren edo ez jakiten, pertsonen eskubidea urratzen delako. "Honetan ez?", galdetu du sindikatuak.