Gizartea -
Erasoa
Ertzaintzak Zornotzako jipoia grabatu zuen adingabea atxilotu du
Ertzaintzak identifikatuta zuen gaztea, eta familiari berehala atxilotuko zutela jakinarazi zion; hori dela eta, gaur goizean ertzain-etxera joan da senide batekin. Datozen orduetan utziko dute Adingabeen Fiskaltzaren esku.
Naiara Ballesteros | EITB MEDIA
Ertzaintzak 15 urteko mutil bat atxilotu du Sestaon, Alexandru Andrei Ionita Lemoako 23 urteko mutilari Zornotzan, uztailaren 25ean, emandako jipoi basatiarekin lotuta.
Dagoeneko 15 pertsona atxilotu dituzte ikerketa abiatu zutenetik, eta horietako zortzi adingabeak dira. Ustez, azken atxilotua da erasoa grabatu zuena.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak Zornotzako Udaltzaingoarekin elkarlanean egindako ikerketei esker identifikatuta zuten gaztea.
Ertzaintza familiarekin harremanetan jarri zen atzo, eta berehala atxilotuko zutela jakinarazi zion. Hori dela eta, gaur, adingabea Sestaoko ertzain-etxera joan da senide batekin.
Berehala atxilotu dute, eta datozen orduetan utziko dute Adingabeen Fiskaltzaren esku.
Lehen ikerketen arabera, hogei bat pertsonak parte hartu zuten jipoi bortitzean.
Antza, pertsona horiek Koala Anaien taldeko kideak dira. Gau hartan bertan beste lau gazteri eraso zieten, eta azken urteotan hainbat lapurreta eta eraso egin dituzte, Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak azaldu duenez.