Gizartea -

KORONABIRUSA

LABIren Batzorde Teknikoa bilduta, lehendakaria buru duela

LABI teknikoak egoera hobetu den aztertuko du. Intzidentzia metatua jaitsi bada ere, ZIUetan dauden gaixoen kopurua hazi egin da azken aldiz bildu zenetik. Bileraren ostean, Gotzone Sagardui sailburuak prentsaurrekoa emango du.

LABI teknikoaren bilera bateko irudia. Argazkia: EFE
LABI teknikoaren bilera bateko irudia.
Lehendakaria eta Gotzone Sagardui, LABI teknikoaren bileraren buru

0:48

O.P. | Eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) batzorde teknikoa bilduta dago 10:30az geroztik, Iñigo Urkullu lehendakaria buru duela. Gaur egun EAEn indarrean dauden murrizketak aldatzen edo mantentzen diren erabakiko dute, erkidegoan covid-19a heda ez dadin.

LABIren mahai zientifiko-teknikoaren bileran, lehendakaria eta Gotzone Sagardui Osasun sailburua adituekin bildu dira. Mahaian egoera epidemiologikoaren bilakaera aztertu, eta eztabaidatzen ari dira posible ote den egungo neurriak "arintzea" ala ezinbestean luzatu behar diren. Bileraren ostean, sailburuak azalpenak emango ditu prentsaurrekoan. Zuzenean ikusi ahalko da eitb.eus-en.

Abuztuaren 12an bildu ziren azken aldiz, eta neurriak bere horretan mantentzea erabaki zuten orduan, covid-19aren bilakaera ona bazen ere, ez baitzen "behar beste" hobetu.

Delta aldaeraren kutsakortasun handia, batetik, eta hainbat udalerritan jaiak ospatu ohi diren egunetan jende pilaketak sortzeko arriskua, bestetik, erabakigarriak izan ziren indarrean zeuden neurriak bere horretan uzteko. 

Egun hartan, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak aurreratu zuen neurriak arintzea ekar zezaketen adierazleak zeintzuk izan zitezkeen: 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 500 kasutik beherakoa izatea eta ospitale eta ZIUetako oheetan dauden erien kopurua jaistea.

Momentuz, ez dira Zupiriak aurreratutako baldintzak betetzen; izan ere, astearteko datuei erreparatuta, intzidentzia-tasa metatua 500etik gora dago (522,80koa da), eta kasu larrien kopuruak gora egin du (73 gaixo daude ZIUetan).

Indarrean dauden neurriak

Neurriak aldatu ezean, ostalaritza-establezimenduak 01:00ean itxi beharko dituzte eta jarduera desberdinetan baimendutako gehieneko edukiera % 35era murriztuko da. Gizarte-, kultura- eta kirol-ekitaldietan ezingo dira 400 pertsonatik gora bildu toki itxietan, ezta 600 pertsonatik gora toki irekietan.

1.600 eta 5.000 pertsona arteko esparruei dagokienez, gehienez ere 600 ikusle bildu ahalko dira toki itxietan, eta 800, berriz, toki irekietan. 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten instalazioetan, gehieneko edukiera % 20koa izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak LABI