Gizartea -
ERASO LARRIA
Irekita jarraitzen du Zornotzako jipoiagatik zabaldutako operazioak eta atxiloketa gehiago izan daitezke
Orain arte atxilotuetako 14 lagunetatik 7 adin txikikoak dira. Adin nagusikoak Basauriko espetxera eraman dituzte eta adin txikikoak hainbat zentrotan banatu dituzte.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Alexandru Andrei Ionita, uztailaren 25ean Amorebieta-Etxanon modu basatian jipoitu zuten gaztea, egoera kritikoan dago oraindik, Gurutzetako Ospitalean.
Horrekin lotuta, hamalau pertsona atxilotu dituzte orain arte, horietatik zazpi adingabeak, eta Ertzaintzak ez du baztertzen hurrengo egunetan atxiloketa gehiago egitea. Izan ere, lehen ikerketen arabera, hogei bat lagunek hartu zuten parte erasoan.
Pertsona horiek Koala anaiak izeneko gazte talde kriminal bateko kideak izango lirateke. Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak azaldu zuenez, gau hartan bertan beste lau gazteri ere eraso zieten eta azken urteetan hainbat lapurreta nahiz erasotan parte hartu dute.
Ertzaintzaren hainbat unitate ari dira ikerketan parte hartzen Durango, Bilbo eta Sestaoko ertzain-etxeetan, baita IKTB eta Inteligentzia Bulegoan ere, Amorebieta-Etxanoko Udaltzaingoaren parte-hartzearekin eta herritarren laguntzarekin. Horri esker, Bizkaiko hainbat udalerritan zein Medina de Pomarren (Burgos) identifikatu eta atxilotu dituzte ustezko erasotzaileak.
Atxilotuetako zazpi helduetako sei Basauriko (Bizkaia) espetxean sartu dituzte, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak igande honetan jakitera eman duenez. Zazpigarrena aske utzi zuten, astelehenero epaitegietara joateko betebeharra ezarrita.
Zazpi adingabeetatik sei adin txikikoen zentroetan sartu dituzte, eta ez dute jakitera eman zazpigarrena ere zentro batera bidali duten ala ez.
Bestalde, Alexandruren familiak "mirari" baten zain jarraitzen du. Izan ere, azken mediku txostena kolpe gogorra izan da. Sendagileek azaldu dietenez, gazteak garunaren bi aldeak kaltetuta ditu, eta, bizirik ateraz gero, ondorio larriak geratuko zaizkio.