Gizartea -
Zirkulazioa
N-I errepideko lanek trafikoari eragingo diote asteburuan, Andoain parean
Asteburu osoan zehar, igandean bereziki, Nafarroatik Gipuzkoara N-121-A (Endarlatsa) errepidetik sartzea gomendatu dute arduradunek, Belabietako tuneleko obrek (A-15) eta N-I errepideko zorua konpontzeko lanek eragingo dituzten eragozpenak saihesteko.
Agentziak | EiTB Media
N-I errepideko lanek trafikoari eragingo diote asteburuan Andoainen (Gipuzkoa). Bide-zorua konpontzeko, Bazkardoko lotune inguruan sarrera-irteerak eta erreiak itxiko dituzte.
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakitera eman duenez, ostiraleko 21:00etatik igandeko 22:00etara egingo dituzte lanak, eta trafikoari eragingo diote, ezinbestean.
Ostiraleko 21:00ak eta larunbateko 21:00ak bitartean, N-Ieko ezkerreko erreia itxita egongo da Irungo noranzkoan. N-I errepidearen eta A-15 autobiaren arteko Bazkardoko lotuneak, ostera, zabalik egongo dira.
Bestalde, larunbateko 21:00etatik igandeko 22:00etara itxita egongo dira N-I errepidearen erdiko zein kanpoaldeko erreiak Irungo noranzkoan; Andoaingo Gurutze Gorritik N-Iera sartzeko bidea; N-Ietik Andoainera ateratzeko irteera (447 B); Urnieta/Hernanira joateko N-Ieko eta A-15eko lotunea; eta Bazkardotik Lasarte-Oriarantz joateko A-15 eta N-I arteko sarbidea.
Horrela, Irungo noranzkoan N-Ietik doazen ibilgailuek Lasarte-Oriarantz joan beharko dute errepide beretik, A-15eko sarbidea itxita egongo delako.
Irungo noranzkoan A-15etik N-Iera sartzeko, Gasteizko noranzkotik egin beharko da, eta N-I-445 lotunean itzulbidea egin. Era berean, Andoaindik N-Iera sartzeko N-I-445 lotunea erabili beharko dute gidariek.
Asteburu osoan zehar, igandean bereziki, Nafarroatik Gipuzkoara N-121-A (Endarlatsa) errepidetik sartzeko gomendioa eman dute arduradunek, Belabietako tuneleko obrek (A-15) eta N-I errepideko zorua konpontzeko lanek eragingo dituzten eragozpenak saihesteko.