Gizartea -
Indarkeria matxista
Emakume transexual bat bortxatu dute Gasteizen
Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiak jakinarazi duenez, erasoa igandean gertatu zen, kalean bertan.
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Gizonezko batek emakume transexual bat bortxatu zuen igandean Gasteizen, Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiak jakinarazi duenez.
Biktimak igande gauean jarri zuen salaketa Udaltzaingoaren aurrean, eta polizia talde hori ari da erasoa aztertzen.
Amets Martinez de Heredita Ikusguneko kideak Euskadi Irratiari esan dionez, transfobia kasuek gora egin dute "nabarmen" azken hiru hilabeteotan. Hala, euren datuen arabera, maiatzetik zazpi gorroto diskurtso, lau eraso fisiko (igandekoa barne) eta lau bazterketa kasu zenbatu dituzte. Guztira, 15 kasu.
"Egoera oso txarra da, oso kezkagarria", salatu du Martinez de Hereditak. Igandeko bortxaketaren ingurukoak zehaztu zain daude Ikusgune behatokian hemendik aurrerakoak antolatzeko.
Elkarretaratzea
Emakume transexul batek jasandako bortxaketa salatzeko asmotan Gasteizeko Mugimendu Feministak eta E28 Koordinadorak elkarretaratze bat deitu dute asteazkenerako, abuztuak 4. Bilboko plazan egingo dute elkarretaratzea arratsaldeko 20:00etik aurrera "Aurrean izango gaituzue" lemapean.