Gizartea -
Odol-ematea
Odola emateko deia egin dute Gasteizen
Odola emateko kanpaina abuztuaren 4an eta 6an izango da, hiriburuko erdigunean. Era berean, Olagibeleko osasun-etxean ere horretarako puntu finko bat egongo da.
EITB Media
Aste honetan odola ematera joateko deia egin die gasteiztarrei Arabako Odol Emaileen Elkarteak; izan ere, ohartarazi duenez, "premiazko beharra" dago pandemiak eragindako osasun alertan odol erreserben bankuan izandako beherakari aurre egiteko.
Hori dela eta, elkarte horrek, Nekazariak eta Siberiarrak blusen kuadrillekin elkarlanean, odola emateko kanpainari eustea erabaki du, nahiz eta aurten, bigarren urtez jarraian, Andre Maria Zuriaren jaiak bertan behera geratu diren.
Ohar batean azpimarratu duenez, "odol-emateak premiaz handitu" behar dira euskal ospitaleetako odol-osagaien eskariari erantzun ahal izateko. "Dohaintzak handitzea inoiz baino beharrezkoagoa da", ohartarazi du erakundeak.
Hori dela eta, Gasteizko erdiguneko kaleetan abuztuaren 4an eta 6an egingo den kanpainan parte hartzeko deia egin die gasteiztar guztiei.
Gainera, kanpaina honetan lagundu nahi duten guztiek Olagibeleko osasun zentroan odola emateko dagoen puntu finkora ere joan daitezke.