Gizartea -
Pertsonen salerosketa
Ia 200 pertsona zeuden salerosketako edo sexu-esplotazioko arriskuan Hego Euskal Herrian 2020an
2020an estatuan identifikatutako 160 sexu-salerosketaren biktima gehienak Kolonbia, Paraguai eta Errumaniakoak ziren. Zortzi Nafarroan identifikatu ziren eta, gainera, sexu-esplotazioaren bi biktima identifikatu ziren EAEn.
olatz prat | eitb media
2020an, 169 pertsona identifikatu ziren EAEn sexu-salerosketako edo sexu-esplotazioko arriskuan dauden pertsona gisa, eta 16 gehiago Nafarroan. Estatu osoan 3867 ziren 2020an arrisku-egoeran zeuden pertsonak.
Terrorismoaren eta Krimen Antolatuaren aurkako Inteligentzia Zentroak (CITCO), ostegun honetan, Pertsonen Salerosketaren aurkako Munduko Egunean, argitaratu duen txostenetik ateratako datuak dira. Zentro hori Espainiako Gobernuko Barne Ministerioko Segurtasunerako Estatu Idazkaritzari atxikita dago.
Txosten horren arabera, 2020an, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak sexu edo lan esplotaziorako legez kanpoko trafiko sareetatik 1232 biktima askatu zituzten 2020an estatu espainiarrean.
2020an, 160 sexu-salerosketaren biktima identifikatu zituen CITCOk Espainian: 145 emakume, 2 neskato, 12 gizon eta mutiko bat 1. Biktima gehienak Kolonbia (61), Paraguai (21), Errumania (14) eta Venezuelakoak (13) ziren, ondoren Nigeria (9), Brasil (5), Peru (5), Espainia (4), Dominikar Errepublika (3), Bulgaria (2), Nikaragua (2) eta beste nazionalitate batzuetakoak (21).
Murtzia eta Andaluzia izan ziren salerosketaren biktima gehien izan zituzten eskualdeak, 67na, Madrilgo Erkidegoan (19), Gaztela eta Leonen (17) eta Asturiasen (12). Nafarroan zortzi pertsona identifikatu ziren sexu-esplotaziorako salerosketaren biktima gisa, eta bat ere ez EAEn.
Espainiar nazionalitateko 76 pertsona atxilotu zituzten 2020an sexu-salerosketagatik, 37 errumaniar, 36 kolonbiar eta beste hainbat herrialdetako 37 pertsona gehiago.
Sexu-esplotazioaren biktimei dagokionez, identifikatutako gehienak kolonbiarrak izan ziren, 103, espainiarrak 70 eta errumaniarrak 66. Guztira, 398 emakume eta 7 neska identifikatu zituzten Espainian sexu-esplotazioaren biktima gisa, baita 9 gizon eta mutil bat ere, 415 biktima guztira. Horietako bi EAEn identifikatu zituzten, eta bat ere ez Nafarroan.
12 milioi biktima munduan
"Pertsonen salerosketa XXI. mendeko esklabotza bihurtu da, eta giza duintasuna gehien iraintzen duen delituetako bat da; izan ere, edozein pertsonaren degradazioa dakar, trukatu edo behartu daitekeen merkantzia huts bihurtu arte", azaldu du Barne Ministerioak prentsa ohar batean.
"Giza eskubideen urraketa larria da, eta mundu mailan irabazi gehien ematen duen ekintza kriminaletako bat, soilik droga trafikoaren atzetik eta arma trafikoaren maila berean", gaineratu du.
Hirugarren pertsonek askatasunaz eta eskubideez gabetzen dituzte biktimak, eta, beren borondatearen aurka, sexu- eta lan-esplotaziora behartzen dituzte, lan behartuak, etxeko morrontza, organoen erauzketa, eskea eta bestelako hainbat jazarpen mota.
Kalkuluen arabera, pertsonen salerosketaren biktimen % 70 inguru emakumeak eta neskak dira, eta gainerako % 30 mutilak. Lehenengoak, emakumeak eta neskak, oso gaztetatik sexualki esplotatzen dira; mutilak, berriz, egoera prekarioetan lan egitera behartzen dira.
Gainera, merkatu beltzean saltzeko organoak ateratzeko ere erabiltzen dituzte biktimak, edo droga-trafiko delituetarako.
Nazio Batuen Erakundearen datuen arabera, gaur egun, munduan 12 milioi pertsona baino gehiago dira delitu horien biktima, eta pertsonen trafikorako 500 ibilbide inguru daude.