Gizartea -
Hizkuntza eskubideak
Frantziako Estatuaren aurkako kexa bat aurkeztu dute NBEn, hizkuntza gutxituen aurkako diskriminazioagatik
Idatzian azaltzen denez, Konstituzio Kontseiluaren erabakiak nazioarteko hainbat itun urratzen ditu, hala nola NBEren Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena eta Giza Eskubideen Europako Hitzarmena, Frantziak berretsi dituenak.
A. O. | EITB Media
Europako Hizkuntzen Berdintasunaren Aldeko Sareak (ELEN, ingelesez) kexa formala aurkeztu du Nazio Batuen Erakundean (NBE), "Frantziako Estatuak lurraldeetako hizkuntza gutxituak etengabe diskriminatzen dituelako". Izan ere, Molac Legea Konstituzioaren aurkakoa dela ebatzi du Frantziako Konstituzio Kontseiluak. Zehazki, hezkuntza-kodean lurralde-hizkuntzak irakasteko dauden modalitateetan hizkuntza gutxituen alde egiten zuen.
Frantziako Asanblea Nazionaleko eta Senatuko diputatuen gehiengo handi batek bozkatu zuten Molac Legea, eta lurraldeetako hizkuntza gutxituei nolabaiteko onarpena ematea eta hezkuntzan ezarritako murgiltze ereduari laguntzea zuen helburu.
Idatzian azaltzen denez, Konstituzio Kontseiluaren erabakiak nazioarteko hainbat itun urratzen ditu, hala nola NBEren Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena eta Giza Eskubideen Europako Hitzarmena, Frantziak berretsi dituenak.
Ildo horretatik, Tangi Louarn ELENeko presidenteordearen ustez, "eskualdeetako hizkuntzan murgiltzean dagoen elkarte-irakaskuntzari buruzko txosten honek Frantziako hizkuntza gutxituen aniztasunaren egoera tristea erakusten du, desagertzea besterik espero ez duen estatu-politika baten ondorioz".
"Frantzia, Turkia bezala, bere hizkuntza gutxituen eskubideak onartzeari uko egiten dion Europako Kontseiluko kideetako bat da. Oinarrizko Giza Eskubideen alde eta Konstituzioa aldatzeko borrokan jarraitu behar dugu, eskubide horiek lortzeko", esan du ELENek.
Testuinguru horretan, Davyth Hicks ELENeko idazkari nagusiak "zentzugabetzat" jo du erabakia: "Erabaki onartezina eta diskriminatzailea da, Europako balioen eta hizkuntzen irakaskuntzan jardunbide egokiak bultzatzearen aurkakoa".
"Europako hizkuntza gutxituen aurkako diskriminazio sistemiko frantses berri horri azkar heltzen ez bazaio, eskura ditugun bitarteko guztiak erabiliko ditugu nazioarteko erakundeen aurrean erabaki hori baliogabetzeko", azpimarratu du ELENek.
Salaketa gutun horren arabera, NBEko arduradun bereziak giza eskubideen tratatuen inplementazioari buruzko agiri ofizial bat bidal diezaioke estatu bati.