Gizartea -
Sutea
Bardeako suteak kalte handiak eragin ditu ingurumenean
Aurreikuspenen arabera, garrek Vedado de Eguaras eremuko lurraren % 80 eta % 90 inguru erre dute.
Agentziak | EITB Media
Vedado de Eguarasen, Errege Bardeako Parke Naturala, piztutako sutea itzaltzeko lanek ez dute etenik, eta dagoeneko garrek eremuaren % 80a eta % 90a bitartean erre dute. Suteak ingurumenean eragindako kaltea handia da, izan ere, balio ekologiko handiko gunea da.
Gaur goizean egindako aire bidezko azterketaren ostean egin dute balorazioa, eta Nafarroako Suhiltzaileen zaintza taldeak lanean jarraitu du kaltetutako gunean.
Asteartean piztu zen sutea, labore soro batean. Garrak hedatu ahala, suak Vedado de Eguaraseko gunerik baxuena kiskali zuen, ia guztiz suntsitzeraino. Haizea tarteko, garrak aise zabaldu ziren eta bigarren mailako sute txikiak piztu ziren inguruan. Horregatik, ezinezkoa da oraindik erretako azalera osoaren balorazio zehatza egitea.
Foru Gobernuak ohar bidez jakitera eman duenez, ezinezkoa da sutea berpizteko aukera baztertzea. Izan ere, tenperaturek behera egin duten arren, baldintza meteorologikoak kaxkarrak dira oraindik. Bada, basozainek eta suhiltzaileek bertan jarraituko dute, egoera kontrolatzeko lanean.
Gainera, Nafarroako Gobernuko bi helikopterok ura isuriko dute kea eta txingarrak dauden tokietan.