Gizartea -

ELKARRETARATZEA

Ehundik gora lagun bildu dira Barakaldon, azken eraso matxista salatzeko: "Nazkatuta gaude"

Argitan elkarteak gogorarazi duenez, "egun berean Barakaldon gertatutako bi eraso matxista salatzeko hemen elkartu ginenetik astebete baino ez da igaro".

Kontzentrazioa Gurutzetan (Barakaldo). EITB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Kontzentrazioa Gurutzetan (Barakaldo). EITB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Emakume batek jasandako eraso matxista salatu dute Barakaldon, eta neurri zorrotzagoak eskatu dituzte

0:55

EiTB Media | Agencias

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehundik gora lagun elkartu dira igande honetan Gurutzetan, Barakaldon, herrian izandako azken eraso matxista "irmo" salatzeko.

Salaketa eragin duten gertaerak joan den ostiralean jazo ziren, gaueko bederatziak aldera 27 urte emakume bat labanaz erasotua izan zen. Ustez, bere bikotekidea da erasotzailea, 29 urteko gizonezkoa eta genero-indarkeria aurrekariak dituena. Ertzaintzak erasotzailearen bila jarraitzen du, ezkutatuta baitago hura.

Emakumeak zauri arinak izan zituen eta Gurutzetako ospitalean artatu zuten. Ongi dago.

"Nazkatuta gaude", azaldu dute Argitan elkarte feministatik; gogorarazi nahi izan dutenez "astebete baino ez da pasa azkenekoz hemen elkartu ginenetik, Barakaldon egun berean izandako bi eraso matxistak salatzeko".

Gaurko protestarako propio sortutako komunikatuan, bertan bildu direnek agintariei eskatu diete "irudia garbitzeko hitz merkeak baino ez diren adierazpenak alde batera utzi, eta matxismoaren aurkako benetako politika integralak abiarazi ditzaten", hezkuntzatik hasi eta emakumeen babesa eta neurri sozioekonomikoak bermatu arte.

Argitan elkarteak "erasoen aurkako mahaiaren erabilera okerra" salatu du

Argitan elkarteak salatu duenez, Amaia del Campo Barakaldoko alkateak erasoen aurkako mahaia modu "okerrean" eta "alderdikoian" erabili du. Mahai horretako kide dira udal ordezkariak eta hainbat elkarte eta Udalak mahaiaren bilkura deitu zuen atzo, herrian izandako azken eraso matxistaren ostean.

Argitanen ustez, "onartezina da emakumeen aurkako indarkeria, eta erasoen aurkako mahaia bera, modu alderdikoian eta interes propiotarako erabiltzea".

Azaldu dutenez, bilkura hori ez zen deitu "emakume batek bere bikotekidearen aldetik jasandako erasoa salatzeko", baizik eta "prentsan ateratako datuak okerrak zirela esateko". Parte-hartzaileek gertatutakoaren inguruko informazio gehiago eskatu zutenean, ez zitzaien halakorik eman, Argitanek salatu duenez.

"Ez digute adinen inguruko informaziorik eman, ez eta erasotzaileak genero-indarkeriagatik aurrekariak zituenik esan ere; haatik, Udalak segidan hedabideetara igorritako oharrean datu horiek agertzen ziren", ohartarazi dute.

Euren ustez, alkateak gertaerak salatzeko egindako adierazpenak "arranditsuak eta deigarriak" dira, "itxura ona emateko hitz hutsak baino ez".

Argitanek deitoratu duenez, "indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko balio beharko lukeen Erasoen aurkako mahaia" manipulatzen ari dira Amaia del Campo eta berdintasun arduradunak, "erantzukizunak saihesteko eta Barakaldoko indarkeria matxistaren arazoaren aurrean sentsibilitate falta ezkutatzeko ".

Guztira 139 emakumek salatu zuten maiatzera arte sexu-askatasunaren aurkako delitu baten biktima izana EAEn, iazko epe berean baino % 1,5 gehiago, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak jasotako datuen arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Herriak eta Hiriak Bizkaia Barakaldo Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa