Gizartea -
Ugalketa lagundua
Frantziak ugalketa lagundua baimendu du lesbiana eta bikotekide gabeko emakumeentzat
Olivier Véran Osasun ministroak testua azkar onartzea espero du, eta tratamendua Gizarte Segurantzak ordainduko duela adierazi du.
EITB MEDIA
Frantziako Parlamentuak behin betiko onartu du astearte honetan bioetika legea, lesbiana bikoteei eta bikotekiderik gabeko emakumeei laguntza bidezko ugalketa baimentzea ekarri duena.
Asanblea Nazionaleko azken bozketan, 326 diputatuk lege-proiektuaren alde egin dute, eta 115 aurka agertu dira.
Errepublika Martxan (LREM) alderdiko parlamentari gehienak legearen alde agertu dira, baita MoDem alderdiko zentristak, sozialistak eta Frantzia Intsumisoa ere. Aitzitik, alderdi kontserbadoreetako eta eskuin muturreko diputatu gehienak aurka agertu dira, eta helegitea aurkezteko asmoa dutela iragarri dute.
Olivier Véran Osasun ministroaren hitzetan, aplikazioari buruzko testuak azkar prestatuko dituzte, "2021. urtea amaitu baino lehen" legedi berriaren araberako lehen haurrak sortu ahal izateko.
Gobernuaren kalkuluen arabera, lesbianen bikoteei edo bikotekiderik gabeko emakumeei ugalketa lagundua baimentzeak urtero 2.000 emakume inguru ondoko herrialdeetara joatea saihestuko du; Espainiara, esaterako, intseminazio artifiziala egitera, orain arte Frantzian ezinezkoa baitzen. Tratamendua, gainera, Gizarte Segurantzak ordainduko du.
Araudi berriak aukera ematen die ugalketa lagunduaren bidez jaiotako pertsonei gametoen emaileen nortasuna ezagutzeko, orain arte anonimotasuna mantendu nahi zuten erabakitzeko aukera baitzuten.