Gizartea -
ERASOA
Gazte bat larri zauritu dute Irunen, borroka jendetsu batean
Ustezko erasotzailea atxilotu egin dute eta Ertzaintzaren esku dago. Udaltzaingoak zein Polizia autonomikoak hainbat borroka geldiarazi behar izan dituzte gauean zehar.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Liskar eta istilu gaua izan da gaurkoa Irunen. Gazte bat larri zauritu dute eta Donostia Ospitalera eraman behar izan dute. Ustezko erasotzailea atxilotuta dago.
Udaletik jakitera eman dutenez, 04:30 aldera, Udaltzaingoa eta Ertzaintzako hainbat kide Urdanibia plazara joan dira, jende asko borrokan ari zenaren abisua jaso eta gero. Antza denez, borrokan ari zirela botila batekin eraso egin diote buruan kolpe handia emanez, larri dagoen gazteari.
Udaltzaingoak 18 urteko gazte bat atxilotu du, ustezko erasotzaile moduan, eta Ertzaintzaren esku utzi du, eta une honetan komisaldegian jarraitzen du.
Gauean zehar Urdanibia plazan eta inguruetan izandako hainbat borroka geldiarazteaz gain, goizean goiz, Ospitalea zaharreko lorategietara joan behar izan dute agenteek, beste borroka bat sakabanatzera.