Gizartea -
Epaiketa
Tuterako hilketako hiru akusatuek euren parte-hartzea ukatu dute
Hilketa jazo zen unean lotan zeudela adierazi dute akusatuek. Fiskalak 18 urteko kartzela zigorra eskatzen du akusatu bakoitzarentzat hilketa eta lapurreta delituak leporatuta.
Erredakzioa
2010ean Tuterako Javier Martinez Llort gaztearen hilketarekin zerikusia dutelakoan akusatutako hiru kidek gertakarian parte hartu izana ukatu dute. Fiskalak hain zuzen 14 urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu du hilketa delitua egotzita eta beste lau urte indarra erabilita lapurreta egiteagatik.
Herri-epaimahaia duen epaiketaren lehen saioan Abdelkader G., Khaled H., eta Mourad K., 36, 21 eta 25 urteko hiru akusatuek hilketa jazo zen unean lotan zeudela ziurtatu dute, lehena toki batean, eta beste biak, beste batean.
Akusatuetako batek, hilketaren berreraikuntzan, beste bi akusatuak gazte batekin ikusi zituela adierazi zuen, hilketa jazo zen orduan eta tokian, baina orain adierazi du deklarazio hori egin zuela Poliziari gertakaria argitzen lagunduz gero paperak emango zizkiotela esan ziolako mezkitako imanak.
"Guzti hau gezurra da. Nik salbatu egin nahi nuen", adierazi du akusatuetako batek Tuterako Udaletxean hasi den epaiketan.
Hiru akusatuak Argeliarrak dira, eta legez kanpoko egoeran zeuden.
Fiskaltzak 18 urteko kartzela zigorraz gain 150.000 euroko kalte-ordainak eskatzen ditu hildakoaren amarentzat, 70.000 euro arrebarentzat, 70.000 neska-lagunarentzat, eta 20.000 euro anaiarentzat.
Gertakaria 2010eko apirilaren 10ean jazo zen. Javier Martinez Llort 32 urteko tuterarra etxera zihoan gaua lagunekin igaro eta gero, eta "ziurrenik oso ongi sentitzen ez zela eta" Queiles paseaguneko banku batean eseri zela dio fiskalaren idatziak.
Goizeko 05:30 aldera, hiru akusatuak bertatik pasa ziren antza, eta gaztea bakarrik ikusi zutenean gainean zeramatzan gauzak emateko eskatu zioten, baina hark ezetz erantzundakoan kolpeka hasi zitzaizkion.
Banku batetako listoi batekin kolpeak eman zizkioten gorputzean eta buruan konorterik gabe utzi arte, eta ondoren, mugikorra hartu eta lotara alde egin zuten.
Bi ordu geroago, oinezko batzuek gaztea topatu zuten eta Ospitalera eraman zuten, buruan jasandako kolpeak eragindako odoljarioa dela eta hil zen gaztea.