Gizartea -
Alboko esklerosi amiotrofikoa
Belaontzian eta bizikletaz Bruselaraino, ELA gaixotasuna iker dezatela eskatzeko
Jaime Lafita bizkaitarrak ELA gaixotasuna dauka eta 10 eguneko ibilbidea egingo du Europako Parlamenturaino, gaitz neurodegeneratibo horren ikerkuntzara diru gehiago bideratu dezatela aldarrikatzeko.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Jaime Lafita bizkaitarrak ELA gaixotasuna dauka eta belaontzian eta bizikletaz joango da Bruselaraino, Europar Batasuneko erakundeei gaitz horren ikerkuntzara diru-laguntza gehiago bideratu dezatela eskatzeko.
Gaur abiatu du, Getxoko uretan, 'BrusELA desafioa'. Itsasoan 190 miliako zeharkaldia egingo du Arroxelako porturaino (Frantzia), eta han bizikleta hartuko du, 900 kilometroko bide luzea egin ostean, ekainaren 21ean, Europako Parlamentuak Bruselan duen egoitzara heltzeko.
ELA gaixotasuna pairatzen duten lagun guztien ahotsa eraman nahi du Bruselara, gaitz neurodegeneratibo horri ikusgarritasuna emateko eta erakundeei ikerkuntza zientifikoarekin konpromiso gehiago izan dezatela eskatzeko, gaixotasun horrek etorkizunean sendabidea izan dezan.
Aurreikuspenaren arabera, ekainaren 13an, goizaldean, iritsiko da Arroxelako portura bederatzi belaontziz osatutako espedizioa. Handik Bruselara arteko bidea, bederatzi etapatan eta tandem bizikletan batean egingo du.
Ekainaren 21ean, ELA gaixotasunaren aurkako nazioarteko eguna dela baliatuta, Jaime Lafitak adierazpen bat irakurriko du Europako Parlamentuaren atarian, erakundeei urratsak eskatuz. Estatuko eta Europako hainbat elkartek egin dute bat ekimenarekin.