Gizartea -
uda
Bilbon lau hiri Hondartza Berde egongo dira berriro larunbatetik aurrera
Zehazki, eguzkia hartzeko eremuak jarriko dituzte San Antonion, Ibaiederren eta Etxebarrian, eta dutxak jarriko dituzte Arraiz mendian.
agentziak | eitb media
Bilboko Udalak lau hiri Hondartza Berde irekiko ditu berriro larunbat honetan, hilaren 12an, itzala, ura eta dutxak bermatuta dauden lau lekutan, osasun neurriak beteko dituen aisialdia sustatzeko helburuarekin.
Zehazki, eguzkia hartzeko eremuak jarriko dituzte San Antonion, Ibaiederren eta Etxebarrian, eta dutxak jarriko dituzte Arraiz mendian, Udalak jakitera eman duenez.
Hondartza Berdeen denboraldia kanpoko igerilekuenarekin batera hasiko da, larunbatean, eta irailaren 12an amaituko da.
Ekimen horren helburua, 2020an ere martxan jarri zena, osasun egoera honetan oraindik nahitaezkoak diren distantzia fisikoa zainduta oporraldian jarduerak egiteko aukera ematea da.
San Antonion, Ibaiederren eta Etxebarrian eguzkia hartzeko eremuak mugatuko dituzte, baina Arraiz Mendian ez dute halakorik egingo, iaz ikusi zutelako ez dela beharrezkoa, lekuaren tamaina kontuan izanda.
San Antonio parkean sei dutxa, hiru iturri, komun publiko bat, mahaiak, bankuak, haur jolasak eta kirol jarduerak egongo dira. 110 eremu zehaztuko dituzte, borobilak, 4 metroko diametrokoak, eta 2 metroko distantziarekin elkarren artean.
Etxebarria parkean, berriz, 8.000 metro koadro bideratuko dituzte hondartza berdera, 232 eremutan banatuta. Horiek ere 4 metroko diametrokoak izango dira, 2 metroko distantziarekin, eta komunak, iturriak eta dutxak jarriko dituzte.
Ibaiederren kasuan, 120 eremu borobil jarriko dituzte, baldintza berberetan, eta bertan ere egongo dira komunak, iturriak eta dutxak.