Gizartea -
Arabako Mendiak Aske
Babestutako guneetan parke eolikorik ez eraikitzea eskatu dute Agurainen
"Mendiak ez daude salgai" leloa zeraman pankartaren atzean egin dute ibilbidea ehunka manifestarik Aguraingo kaleetatik.
EiTB Media
Arabako Mendiak Aske plataformak manifestazioa egin du eguerdian Agurainen Natura 2000 Sareko espazioetan energia berriztagarrien proiekturik instalatu ez dadin.
Ingurune natural hauez "azpiegitura grisik gabe" gozatu nahi dute. "Mendiak ez daude salgai" leloa zeraman pankartaren atzean egin dute ibilbidea ehunka manifestarik Aguraingo kaleetatik.
Eusko Jaurlaritzari dei zuzena egin diote, babestutako eremu naturalak "errespeta" ditzala; bestela, "gune horietako ekosistemak kaltetuak izango bailirateke".
Horrela, Natura 2000 Sareak babestutako guneetan parke eolikoak eraikitzeko proiektuak bertan behera uztea eskatu du plataformak. Izan ere, salatzen dute ingurumenari eta faunari "kalte handiak" eragingo zaizkiela zentral horiek eraikitzean.
Mendiak Aske plataformatik gogoratu nahi izan dute ez daudela energia eolikoaren kontra, babestutako guneetan eraikitzearen aurka baizik. Halaber, salatu dute paisaia guztiz eraldatuko dutela errotek, Iberdrola Dorrea baino altuagoak izango dira eta.
Gainera, nabarmendu nahi izan dute Arabako mendiak "pribatizatu" nahi direla proiektu horiekin.