Gizartea -
Jasangarritasuna
Lanaland, ardi latxaren artilea erabilgarri bihurtzeko proiektu sorta
Balizatzeko zintak diseinatzeko, 3D inprimagailuentzako haria egiteko, "muturreko" baldintzetan lan egiteko jantziak betetzeko eta ongarri bezala erabiltzeko balia daiteke.
EITB Media | Agentziak
Lanaland lau proiektu zehatzetan murgilduta dago. Horietako bat latxaren artiletik material biodegradagarria lortzea da. Adibidez, balizatzeko xingolak garatzen ari dira, mendi lasterketen ibilbideak markatzeko, esaterako.
Lanaland Neiker zentro teknologikoak koordinatutako egitasmo bat da. Basozaintza, abeltzaintza eta nekazaritza sektoreentzako irtenbide berritzaileak garatzeko zentroa da Neiker, Eusko Jaurlaritzaren menpekoa.
Balizaren aurreneko prototipoak ekoitzi dituzte dagoeneko, eta orain ikertzaileak azken produktuaren degradagarritasuna eta konpostagarritasuna aztertzen ari dira.
Balizak biltzeko denbora asko behar izaten da, eta batzuetan natura guneetan geratu daitezke; plastikozko zinta arruntak arazo bat bihurtzen dira orduan.
Prototipo horrekin, alabaina, materiala ahaztu edo tokian bertan uzten bada, "aste gutxiren buruan desagertuko da, ingurumenari kalterik egin gabe".
Ekolber Gipuzkoa enpresa garatzen ari da proiektua, artilea eta haragi industriaren kolageno hondakina nahastuz.
Balizatzeko xingolen prototipoa. Argazkia: EFE
3D inprimagailuentzako hariaren ordezkoa
Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Donostiako Ingeniaritza Eskola, Hego Euskal Herriko zein Ipar Euskal Herriko I+G+B enpresa eta zentroen lankidetzarekin, 3D inprimagailuentzako hariaren ordezko bat garatzen ari da.
Materiala biodegradagarria izateko asmoa dute, baina polimeroekin nahastu behar dute, eta, ondorioz, degradagarritasuna aurreko kasuan baino mugatuagoa izango da.
Jantziak betetzeko
Artile soberakinaren beste erabilgarritasun bat arropa edo jantzi bereziak betetzeko 'ehun' bihurtzea izan daiteke. Baldintza bereziak dituzten lanbideetan edo "muturreko" baldintzetan lan egiteko jantziak betetzeko balio dezake ardi latxaren ileak, suaren aurkako ezaugarriak dituelako eta hidrofugoa delako.
Horrela, lumazko berokiak betetzeko erabiltzen dituzten materialak ordezkatzea posible izango litzateke. Orain poliesterra erabiltzen dute, petroliotik ateratzen duten material sintetikoa.
Latxa ardiarekin artilearekin egindako ehuna. Argazkia: EFE
Ongarria
Gainera, Pirinio Atlantikoetako Ganbera eta Paueko Pays de l'Adour Unibertsitatea artilea degradatzeko mikroorganismoak garatzeko osagai egokiak ikertzen ari dira, ardien ilea ongarri bezala erabili ahal izateko.
Horretarako, simaurrarekin eta karbono substratu batekin nahastuko dute, lastoarekin, esaterako.
Artile "latza", inolako erabilgarritasunik gabe
Ardi latxaren artileari irtenbide bat emateko beharrak bultzatu du Lanaland proiektua; izan ere, duela urte batzuk ileak ez du erabilgarritasunik.
Europako FEDER funtsaren bidez finantzatu dute egitasmoa, eta Pirinio Atlantikoetako Nekazaritza Ganbera, Baionako Merkataritza Ganbera, Paueko Pays de l'Adour Unibertsitatea, Latxa Esnea kooperatiba, Ekolber enpresa teknologikoa eta Urkome landa garapenerako elkartea parte hartzen ari dira.
Idiazabal gazta egiteko esnea ematen dute ardiek, eta urtero ilea moztu behar diete artzainek. Horrela, urtean 2.000 tona artile inguru lortzen dituzte.
Miriam Pinto proiektuaren koordinatzaileak azaldu duenez, artile bolumen horrek "asko" okupatzen du, metro karratuak 20-50 kiloko dentsitatea duelako. Honenbestez, 2016an areagotu zen arazoari konponbide bat emateko beharra ikusi zuten; izan ere, Errusiaren blokeoarekin, artilearen erabilera tradizionala desagertu egin zen.
Horregatik, latxaren artileari "balioa emateko lanean hasi ziren, hondakin bat produktu berri bihurtzeko helburuarekin, ingurumenarentzako arazo bat konpontzearekin batera, artzainek beste diru sarrera bat izateko".
Ardi merinoaren artilea ehungintzarako erabiltzen duten bitartean, leuna delako eta merkatuan dagoelako, latxarena artilea "latza" izateagatik da ezaguna; izan ere, bere ezaugarriek "oso zakarra egiten dute, eta a priori, ehungintza merkatutik kanpo uzten dute".