Gizartea -
bortxaketagatik zigortua
Sei urteko espetxe-zigorra Gasteizen emakume bat bortxatu zuen gizonarentzat
Epaileek arrazoia eman diote bortxatu egin zutela baieztatu zuen emakumezkoari; gizonezkoak, berriz, baimendutako harremanak izan zirela ziurtatu zuen. Biktima prostituzioan aritzen den emakumea da.
o.p. | eitb media
Arabako Probintzia Auzitegiak sei urteko kartzela-zigorra ezarri dio gizon bati, Gasteizen emakume bat bortxatzeagatik. Epaiketan, akusatuak baimendutako harremanak izan zirela defendatu zuen; epaitegiak, baina, arrazoia eman dio emakumezkoari: harremanak ez ziren baimenduak izan. Biktima prostituzioan aritzen den emakume bat da.
Frogatutzat jo diren gertaerek sinesgarritasuna ematen diote biktimaren bertsioari; izan ere, apirilean egindako epaiketan adierazi zuenez, akusatuak eraso egin zion eta bortxatu egin zuen 2019ko urtarrilaren 28an, landa-bide batean.
Sei urteko kartzela-zigorraz gain, gizonezkoak 300 euroko isuna eta 5.252 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko dizkio biktimari, eta 10 urtean ezingo du emakumearengandik 500 metro baino gutxiagora gerturatu. Gainera, espetxe-zigorra amaitutakoan, zaintzapeko askatasuna bete beharko du 5 urtez.