Gizartea -

KORONABIRUSA

Ospitaleetako presioak apur bat behera egin du Euskadin, 188 pertsona larri baitaude

Ospitaleratutakoen kopurua ere jaitsi egin da (493), baita intzidentzia metatua ere (506); R0 0,89an mantendu da. Positiboek gora egin dute (646), baina positibotasunak behera egin du (% 5,6).

Osasun langile bat zainketa intentsiboetako unitateetan gaixo batekin. Argazkia: EFE.
Osasun langile bat zainketa intentsiboetako unitateetan gaixo batekin
Osasun langile bat zainketa intentsiboetako unitateetan gaixo batekin. Argazkia: EFE.

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren pandemiaren bilakaerak beheranzko joera berretsi du, baina egoerak kezkagarria izaten jarraitzen du Euskadin. Ospitaleko presioa apur bat jaitsi da eta 493 pertsona ospitaleratuta daude gela arruntetan, egun bat lehenago baino 27 gutxiago, eta 188 gaixo daude zainketa intentsiboetako unitateetan, zazpi gutxiago. Hori bai, egunean zehar 92 pertsona ospitaleratu zituzten covid-19aren ondorioz sortutako osasun-arazoengatik.

Gainera, intzidentzia-tasa metatua beste sei puntu jaitsi da, 100.000 biztanleko 509,52 kasu izan baitira 14 egunetan Euskadin.

Adierazle horren bilakaera bereziki positiboa da Araban: aurreko 364,6 kasuetatik 348,5 kasuetara igaro da; Gipuzkoan, berriz, 664,5etik 646,6ra jaitsi da, baina Bizkaian igoera jasan du, 455,8 kasuetatik 460 kasuetara igaro baita.

Hiriburuei dagokienez, Gasteizen beherakada handia izan da, 344,2 kasuraino. Donostian jaitsiera txikiagoa izan da, 606,9raino, eta Bilbon, Bizkaian bezala, joera goranzkoa da, 546 kasu pilatu baitira.

Hain zuzen ere, Bizkaiko lurraldea da EAEko oinarrizko birsorkuntza-tasa (0,89, bezperan bezala) jaisten jarraitzea uzten ez duena.; izan ere, R0 kopurua 0,96ra igo da Bizkaian, eta Araba eta Gipuzkoan 0,82ra eta 0,84ra jaitsi dira, hurrenez hurren.

Astelehen honetan, EAEn ia 11.500 proba diagnostiko egin zituzten, eta 646 positibo berri atzeman zituzten, hau da, % 5,6ko positibotasun tasa.

Pandemiaren transmisioa kontrolatzeko mugatzat jotzen den ehuneko hori % 5era hurbiltzen da, eta igandean erregistratutakoa baino puntu erdi txikiagoa eta martxo amaieratik izandako txikiena da.

Bizkaian 351 kasu berri atzeman dituzte, Gipuzkoan 246, Araban 42 eta autonomia-erkidegotik kanpo bizi diren pertsonen artean 7 detektatu dituzte.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak esan duenez, "zuhurtzia osoz" baiezta daiteke, covid-19aren kurba epidemiologikoaren igoera hainbat astetan moteldu ondoren, Euskadik pandemiaren intzidentzian "jaitsiera motela" hasi duela.

"Ondo goaz, baina ez gaude ondo", laburbildu du Osasun sailburuak Gobernu Kontseiluaren ostean egindako prentsaurrekoan, eta herritarrei "alertari eusteko" eskatu die, beheranzko joera horrek "osasun-sisteman isla handiagoa izan dezan".

Sagarduik azaldu duenez, azken olatu horren portaera antzekoa izan da Euskadin eta inguruko beste lurralde batzuetan, bihurgunea motelago igo da eta tontorra baxuago izan da, baina denboran gehiago iraun du. Olatu hori beranduago hasi zen Euskadin, eta, horregatik, inguruko erkidegoak baino beranduago ateratzen ari dela azaldu du sailburuak.

Hezkuntza

Astearte honetan 132 ikasgela itxi dituzte covid-19aren kasuengatik, Hezkuntza Sailak hiru lurraldeetako datuak eman zituen azken aldian, apirilaren 23an, baino 8 gutxiago; izan ere, azken egunetan Bizkaian eta Gipuzkoan baino ez dira eman, San Prudentzio eguna dela-eta Araban eskola-etenaldia izan delako.

Kopuru hori astelehenekoa baino txikiagoa da, izan ere, 92 ikastetxetako 140 ikasgela itxi zituzten Bizkaian eta Gipuzkoan.

Astearte honetan itxita dauden ikasgelak hiru lurraldeetako 90 ikastetxetakoak dira, aurreko txostenean baino 2 gutxiago, hau da, guztizkoaren % 0,75.

Zahar-egoitzak

Gipuzkoako egoitzetan kasu positibo bakarra erregistratu dute, Donostiako Zorroaga zentroko erabiltzaile bat, txertoa jarrita daukana eta sintomarik ez duena.

Bestalde, aurreko astean positibo eman zuen Zumarragako Argixaoko gizona hil egin da, aurretik zituen beste gaitz batzuengatik. "Covid-19arekin hil da, ez covid-19agatik", adierazi du Eider Mendoza Aldundiko bozeramaileak.

Nafarroa

Koronabirus kasuek pitin bat egin dute gora azken orduetan Nafarroan, 122 kasu zenbatu baitituzte, Foru Gobernuak emandako datuen arabera.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Hezkuntza sistemako albisteak Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak