Gizartea -
Istripu nuklearra
Txernobyl, isilpeko hondamendia
Duela 35 urte historiako ezbehar nuklear handienak kontinente oso baten osasuna arriskuan jarri zuen.
eitb media
1986ko apirilaren 26an, Vladimir Ilych Lenin zentral nuklearraren laugarren erreaktoreak eztanda egin zuen, Pripiat (Ukraina) hiritik 3 kilometrora, eta isuritako erradiazioa Hiroshimako bonba atomikoak askatutakoa baino 500 aldiz handiagoa izan zen. Ondorioak suntsitzaileak izan ziren; milaka pertsona ebakuatu zituzten, eta beste hainbeste gaixotu edo hil egin ziren, hartutako erradiazio dosi itzelen ondorioz. Tragedia honek, gainera, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren (SESB) ezegonkortze politiko zein soziala ekarri zuen.
Hala ere, erabaki txar askok bat egiteak eragin zuen hondamendia, eta horretan lagundu egin zuten RBMK erreaktoreen segurtasun faltak eta horiek eraikitzeko prozesuan egindako hainbat okerrek; ez zuten behar besteko segurtasunaren bermerik eta zaharkituta zeuden, baina erabilienak ziren Sobietar Batasunean. Sobietar agintarien isiltasun konplizeak ere zaildu egin zuen larrialdiko neurriak hartzeko aukera, batez ere ondoko herrialdeetan.
1986ko apirilaren 25ean hasi zen guztia, zentraleko langileak segurtasuna hobetzeko esperimentu bat prestatzen ari zirenean. Helburuak argia zirudien: horniketa elektrikoaren mozketa simulatu, erreaktorearen dinamikak energia mugatuaren eraginpean behatzeko. Eguneko txandako langileei egokitu zieten ataza hori, baina eskualdean izan zen energia eskari handiarengatik atzeratu egin zuten proba. Hortaz, gaueko txandako langileen esku utzi zuten ardura hori, nahiz eta horiek esperimentuaren funtzionamendua ezagutzen ez zuten.
Txanda aldatu eta ordubetera, 00:00ak aldera, ziurgabetasun handiarekin ekin zioten esperimentuari, baina, prozedurarekin jarraituz, erreaktorearen potentzia murrizten hasi ziren. Energia era kezkagarrian hasi zen gutxitzen, eta garaian debekaturik zegoen maila ere erdietsi zen. Arriskua egonda ere, operazioaren arduradunek jarraitzea erabaki zuten.
Erreaktorea egonkortzeko hainbat saiakera egin ostean, potentzia era neurrigabe batean hazi zen, eta, berehala, langileetako batek erreaktorea premiaz itzaltzeko botoia sakatu zuen. Hondamenera eramango zituen erreakzioa eten beharrean, hainbat kilometrotara entzun zen eztanda eragin zuen horrek 01:23 zirenean.
Une horretan bertan, 1.000 tona baino gehiago zituen erreaktorearen estalkia lehertu egin zen, eta horren nukleoa agerian geratu zen. Kutsadura erradiaktibo izugarria isuri zen atmosferara. Gaur egungo Errusiako, Ukrainako eta Bielorrusiako 150.000 kilometro karratu kutsatu ziren.
Apirilaren 27an, egoera larria ikusita, zentral inguruan 10 kilometroko erradio bat ebakuatzea erabaki zuten, eztanda gertatu eta 36 ordu igaro ondoren. Pripiateko 50.000 biztanleak hiru ordu eta erdian ebakuatu zituzten. Hala ere, maiatzaren bigarren egunera arte ez zuten 30 kilometroko esklusio gunea ezarri; ehunka mila pertsonak egin behar izan zuten alde beren etxeetatik.
Mehatxu geldiezina
Kutsadura ez zen Sobietar Batasunaren barruan bakarrik hedatu, eta denbora gutxian Europako ipar-ekialdea hartu zuen. Istripua jazo eta bi egun igaro ostean, apirilaren 28an, SESBetik zetorren ezohiko erradiaktibitate maila altua antzeman zuten Suediako agintariek atmosferan. Orduan aitortu zuten sobietar agintariek istripu bat izan zela, oso labur bada ere. Gorbatxov presidenteak, esaterako, ez zuen hondamendia gertatu zela aitortu maiatzaren 14ra arte. Ordurako, hodeiak ia Europa osoa hartuta zeukan; Japoniara ere ailegatu zen.
Ziztu bizian hedatzen ari zen poluzioa gelditzeko, hain zuzen, sobietar agintariek 600.000 pertsona deitu zituzten apirila eta urria bitartean. “Likidatzaile” izenez ziren ezagunak, eta zentraleko hondakin nuklearrak garbitzeaz arduratu ziren. Horiek, ordea, segurtasun neurri kaxkarrekin aritu ziren, eta, ondorioz, erradiotoxemiaz gaixotu ziren horietako ugari; beste asko hil ere egin ziren.
Istripua gertatu eta ia hilabetera, laugarren erreaktorea osorik estaliko zuen hormigoizko eta metalezko oskol bat eraikitzea erabaki zuten. Horrela, erreaktore barruan geratuko zen kutsadura guztia, hormigoia eta antzerako material mardulek bakarrik blokeatu baititzakete erreaktore barruko elementu erradiaktiboek igortzen dituzten gamma izpiak. Zientzialari eta agintarien kalkuluen arabera, 30 urtez izango zen erabilgarri "sarkofago" hori.
Urte batzuk geroago, 2000. urtean zentral nuklearra behin betiko itxi ostean, lehen sarkofagoaren ordezkoa eraikitzeari ekin zioten, eta 2016. urtean bukatu zuten. Egitura honek, ordea, datozen 100 urteetan kutsadura erradioaktiboa isurtzea saihestuko du.
Hilgarria oso
Hondamendiaren ondorioak izugarriak izan ziren. Nazio Batuen Erakundearen (NBE) arabera, 31 pertsona hil ziren erreaktoreak eztanda egin zuen unean, baina ondorengoak are latzagoak izan ziren. Biktimen datu zehatza jakitea zaila den arren, NBEk dioenez, 4.000 pertsona hil dira 1986tik erradiazioaren ondorioz, baina 200.000 dira hildakoak, Greenpeace eta antzeko erakundeen ustez.
Osotara, 8 milioi pertsona baino gehiago egon ziren kutsaduraren eraginpean, eta milaka dira gaixotasunak zein minbiziak garatu dituztenak; kasu askotan, heriotza eragin du kutsadurak. Halaber, bertan lanean aritu ziren 600.000 langileek ere erradiazio maila altuak jaso zituzten, eta hilda edo baliogabetasun egoeran daudenak milaka direla dio NBEk. Gainera, tiroideko minbiziaren 4.000 kasu antzeman dituzte ordura arte Bielorrusian, ezbeharra gertatu zenean umeak edo gazteak zirenen artean bereziki.