Gizartea -
Liskarrak Poza kalean
Bigarren gazte bat atxilotu dute Bilbon, Kopako finalean izandako istiluengatik
18 urteko gazte bat atxilotu du Bilboko Udaltzaingoak. Ordena publikoaren aurkako delitua eta ondasun publikoetan kalteak egitea egotzi diote.
EiTB Media | Agentziak
18 urteko gazte bat atxilotu du Bilboko Udaltzaingoak, iragan larunbatean, Athleticen eta Realaren arteko Kopako finalaren atarian izandako istiluetan "parte-hartze aktiboa" izatea leporatuta. Bigarren atxilotua da.
Ostiralean, 22:30 aldera, bere etxean atxilotu zuten, Udalak jakitera eman duenez. Ordena publikoaren aurkako delitua eta ondasun publikoetan kalteak egitea egotzi diote.
Bilboko Udaltzaingoak iragan larunbateko liskarrekin lotuta egindako bigarren atxiloketa da. Iragan ostegunean 21 urteko gazte bat atxilotu eta epailearen esku utzi zuten.
Era berean, bigarren atxilotua epailearen esku jarri dute gaur bertan. Ikerketak aurrera jarraitzen du, eta atxiloketa gehiago izan daitezke, Udaltzaingoaren arabera.
Athleticeko milaka jarraitzaile gazte bildu ziren iragan larunbat arratsaldean, Poza kalean. Istiluak izan ziren. Edukiontzi bat erre zuten, eta hiri-altzariei eta ibilgailuei kalteak egin zizkieten, besteak beste.