Gizartea -
Koronabirusa
Koronabirusak goranzko joeran jarraitzen du Euskadin, 731 kasu gehiagorekin
Atzo 93 kasu atzeman zituzten Araban, 348 Bizkaian, 282 Gipuzkoan eta zortzi Euskaditik kanpo bizi diren pertsonetan. Halaber, 66 pertsona ospitaleratu zituzten koronabirusagatik.
I. G. / A.O. | EITB MEDIA
Astearte honetan, covid-19aren 731 positibo berri atzeman dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), aurreko egunean baino 202 gehiago.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, 9.247 proba diagnostiko egin zituzten atzo, eta horietatik 731ek eman zuten positibo. Positibotasun tasa, beraz, % 7,9an kokatu da, bezperan baino zortzi hamarren gutxiago (8,7).
Intzidentzia-tasa metatuari dagokionez, 100.000 biztanleko 351,64 kasura igo da, atzo baino 10 puntu gehiago. Gainera, oinarrizko ugalketa kopurua, R0 indizea, % 1,08ra iritsi da dagoeneko (astelehenean % 1,06an zegoen).
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaian atzeman dituzte kasu gehien (348), eta Gipuzkoa (282) eta Araba (93) daude ondoren. Horiei guztiei zortzi positibo gehitu behar zaizkie, egoitza EAEtik kanpo duten pertsonen artean.
EAEko ospitaleetan 66 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte asteartean, aurreko egunean baino 16 gehiago, baina ZIUetan presioak zertxobait behera egin du, 100 gaixo baitaude zainketa intentsiben unitateetan, astelehenean baino bost gutxiago.
Horrenbestez, okerrera egiten jarraitzen du egoera epidemiologikoak, eta beste hiru udalerri (Markina, Azkoitia eta Aretxabaleta) sartu dira eremu gorrian, covid-19ak Euskadin herriz herri izan duen eragina neurtzen duen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren semaforoaren arabera.
Halaber, 17 dira egoerarik latzenean dauden 5.000 biztanle baino gehiagoko udalerriak EAEn: Gasteiz (Araba); Ermua, Markina eta Ondarroa (Bizkaia), eta Aretxabaleta, Arrasate, Azkoitia, Beasain, Lazkao, Legazpi, Lezo, Oiartzun, Ordizia, Oñati, Tolosa, Urretxu eta Zumarraga (Gipuzkoa).
Bestalde, koronabirusaren pandemia hasi zenetik urtebete baino gehiago igaro denean, covid-19ak jota ospitaleetako zainketa intentsiboetako unitateetan (ZIU) amaitzen duten pazienteen batez besteko adinak behera egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.