Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Zazpi urteko kartzela zigorra gizon bati, Portugaleten emaztea hiltzen saiatzeagatik
2019ko uztailaren 4an gizonak emakumeari eraso egin zion bikotearen etxean, lehenik borra batekin eta labana batekin gero.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Bizkaiko Auzitegiak zazpi urteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati, Portugaleten emaztea hiltzen saiatzeagatik.
Halaber, biktimarekiko urruntze agindua ezarri dio 15 urtez eta 30.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio. Gainera, espetxetik irtendakoan bost urteko zaintzapeko askatasuna bete beharko du, alkoholarekiko mendekotasuna gainditzeko tratamendua egiten ari den bitartean.
2019ko uztailaren 4an gizonak emakumeari eraso egin zion bikotearen etxean, lehenik borra batekin eta labana batekin gero.
Epaiaren arabera, gizonak atzetik eraso egin zion emazteari eta "bospasei kolpe gogor eman zizkion buruan" borrarekin, "heriotza eragiteko asmoz".
Emakumea gizonari borra kentzen saiatu zen, eta, ondoren, gizonak bi labankada eman zizkion aurpegian.
"Bere bizia salbatzeko asmoz, emakumea gizonari labana kentzen saiatu zen". Orduan, gizonak eskuan eta besoan kosk egin zion emakumeari.
Emakumeak laguntza eskatuz oihu egin zuen, eta auzokide batek Ertzaintzari deitu zion.
Epaiaren arabera, iraganean dibortziatzeko aukera aztertu bazuten ere, elkarrekin etxe berean bizitzen jarraitu zuten. Hala ere, bakoitzak bere bizitza egiten zuen.
Erasoaren ondorioz, 63 urteko emakumeak lesioak izan zituen gorputzean. Gainera, ordutik trauma osteko estresa du eta tratamendu psikiatrikoa behar du.