Gizartea -
MIGRAZIOA
Migratzaile gehiago iritsiko direla eta, zentroa prestatu du Jaurlaritzak Tolosan
Europako beste herrialdeetara bidean diren 77 pertsonak Irunen eta Hondarribian prestatutako tokietan pasatu dute gaua. Tartean, lagunduta zihoan adin txikiko batek eta sei emakumek.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, migratzaile gehiago etorriko dira Irun ingurura datozen asteetan. Hori dela eta, 30 plazako beste baliabide bat jarriko dute Tolosan, "kolektibo ahulenari" erantzuteko; adin txikikoekin bidaiatzen ari diren emakumeei babesa emateko, alegia.
Bart Europako beste herrialde batzuetara bidean zihoazen 77 pertsonak lo egin dute Irunen eta Hondarribian prestatutako guneetan, adingabe batek eta sei emakumek tartean: 39 pertsona artatu zituzten Hilanderaseko aterpean, 26 Irungo erromesen aterpetxean eta 12 Hondarribiko aterpetxean.
Gainera, 65 bazkari eta 80 afari banatu zizkieten pertsona horiei, Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak azaldu duenez.
Eusko Jaurlaritza edozein "salbuespenezko egoera" artatzeko prest dagoela azpimarratu du Legarretak: "Harremanetan gaude eta elkarlanean ari gara administrazioekin, hirugarren sektoreko eragileekin, Gurutze Gorriarekin eta Irungo Herritarren Sarearekin". Izan ere, "sare solidarioko lan hau garrantzitsua da egoera honi" erantzun duina emateko" azpimarratu du Migrazio eta Asilo zuzendariak.
Bidasoa eskualdeko dispositiboak indartzeaz gain -Hondarribiko frontoia edozein unetan aterpe gisa erabiltzeko gaituta dago-, kontingentzia planak Bilboko baliabideak ere barne hartzen ditu.
Legarretak nabarmendu duenez, bereziki kezkatzen ditu seme-alaba adingabeekin iristen diren emakume migratzaileei ematen zaien arretak.
Azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak hainbat baliabide ditu 2018az geroztik Oñatin, Tolosan eta Berrizen pertsona zaurgarrienei arreta emateko, eta aste honetan Tolosako erdigunean zeuden pertsona guztiak Oñatira eraman dituztela azaldu du. Hala, baliabide hori libre utzi dute uneren batean emakume horiei erantzun behar bazaie ere.
Aitortu duenez, zaila da egunero zenbat migratzaile iritsiko diren aurreikustea. Gainera, horietako batzuk behin eta berriz itzultzen dira, muga zeharkatzen saiatu eta lortu ez ostean. Hala, "datozen asteetan jende gehiago biltzea" espero dutela ere esan du; izan ere, "udaberrian talde migratzaileen kopurua hazi egiten baita".