Gizartea -
Nafarroa
Osasun Departamentuak biharamuneko pilulari buruzko informazio kanpaina abiatu du
Farmazien bidez, antisorgailu gisa erabili behar ez dela azpimarratuko diete erabiltzaileei, ez baitu babesten sexu-transmisiozko gaixotasunengatik.
E. G. | EITB MEDIA
Nafarroako Osasun Departamentuak informazio kanpaina jarri berri du martxan farmazia-bulegoetan urgentziazko antisorgailuak —koito ondoko pilula edo biharamuneko pilula— eskatzen dituzten emakumezko erabiltzaileei zuzenduta. Mezu labur eta argien bidez azpimarratu du ez dela erabili behar antisorgailu gisa, ez baitu babesten sexu-transmisiozko gaixotasunengatik.
Kanpaina Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Farmazia komunitarioko, Lehen Mailako Arretako eta farmaziako ordezkariek osatutako lantalde batek diseinatu du. Era berean, Osasunbidearen eta Sexu eta Ugalketa Osasunaren Arretarako Zentroen babesa du.
Erabiltzaileei antisorgailu gisa ez erabiltzeko mezua helarazi nahi die kanpainak. Izan ere, pilulak ez du babesten sexu-transmisiozko gaixotasunengatik eta beste metodoek hobeto saihesten dituzte haurdunaldiak. Orobat, emakumeei harreman sexual seguru eta osasuntsuak izateko aukera eman nahi die.
Hori horrela, farmazialariak egiaztatuko du pilula eskatzea egokia ote den eta erabiltzaileak hura erabiltzeko informazio guztia duela. Botikarekin batera, mezu labur eta argiak dituen inprimaki batzuk emango dizkio.
Helburua da andrazkoak jakitea zeintzuk diren eskuragarri dituen baliabide publikoak. Inprimakietan QR kode bat dago, eta horren bitartez, Sexu eta Ugalketa Osasunaren Arretarako Zentroarekin harremanetan jarri ahal da erabiltzailea, bere neurrirako informazioa, aholkularitza eta arreta jasotzeko.
2009tik ez da beharrezkoa errezeta biharamuneko pilula erosteko. Dena dela, farmazialariak emakumeak behar duen informazio guztia ematen saiatzen dira.