Gizartea -
Gurutzetako ospitalean dago
Gazte bat larri zauritu dute Mungian, sabelaldean labanaz sastatuta
19 urteko erasotzailea gutxi geroago atxilotu dute. Antza denez, bi gazteek eztabaida izan dute.
E. L. | EiTB Media
Ertzaintzak 19 urteko gazte bat atxilotu du Mungian (Bizkaia), beste gazte bat sabelaldean labanaz sastatzea egotzita. Zauritua larri Gurutzetako Ospitalera eraman behar izan dute.
Erasoaren xehetasun guztiak argitzeko ikerketa abiatu du Ertzaintzak. Gertakaria 20:25 aldera jazo da Mungiako aparkaleku batean.
Argitzeke dauden arrazoiengatik, bi gazteen arteko eztabaida izan da, eta ika-mika erasoan bukatu da. Biktima sabelaldean sastakatu dute. Jarraian, ustezko erasotzaileak ihes egin du.
Hala ere, Ertzaintzari erasotzailearen deskribapena eman diote, eta gutxi geroago aurkitu, identifikatu eta atxilotu du handik gertu, arma zuriarekin lesioak eragitea leporatuta.
Bestalde, zerbitzu medikuek biktima artatu dute. Erasoaren lekuan bertan egonkortu ondoren, Osakidetzako anbulantzia batek larri Gurutzetako Ospitalera eraman du.