Gizartea -
HONDAKINEN KUDEAKETA
Haragia eta arraina edukiontzi marroira bota ahal dira Bizkaian gaurtik aurrera
Orain arte, landare jatorria dutenak baino ezin ziren bota; animalia jatorrikoak, ez.
O. A. | EITB MEDIA
Bizkaiko Foru Aldundiak aldaketak egin ditu hondakin organikoaren bilketan. Gaurtik aurrera, haragi eta arrain hondarrak bota ahalko dira edukiontzi marroira: haragia, hestebeteak, arraina eta itsaskiak, arrautzak, hezurrak, gazta, etab. Orain arte, landare jatorria dutenak bota ahal ziren; ez, ordea, animalia jatorrikoak.
Hondakin organikoak tratatzeko sistema aldatu du Bizkaiak, haragi eta arrain kondarrak eta sukaldatutako elikagaiak ere bildu ahal izateko. Hondakin organikoen tratamendurako Bizkaiko Konpostegia egokitu du eta hurrengo hilabeteetan planta berriak egingo ditu Berriatuan, Getxon eta Igorren.
Zer bota ahal da aurrerantzean edukiontzi marroira?
- Prestatutako animalia jatorriko hondakinak edo gordinak (haragi hondarrak, hestebeteak, arraina eta itsaskiak, arrautza hondarrak eta azalak, hezurrak eta gazta).
- Landare jatorriko hondarrak, prestatuak edo gordinak: fruta, barazki, lekale, barazki, pasta eta arroz hondarrak eta haziak.
- Lore eta landareen hondarrak, baratzeko hondakinak, belarra eta inausketaren hondarrak.
- Kafe hondarrak eta iragazkiak, infusio poltsatxoak, ogi hondarrak, gailetak eta opilak, fruitu lehorrak eta horien oskolak, fruta hezurrak eta kortxo naturaleko tapoiak.
- Sukaldeko papera, paperezko ahozapiak eta mahai-zapiak, kartoizko arrautza-ontziak eta uhin formako kartoi zikina (betiere materia organikoz bustita badaude).
- Brotxetetarako edo beste elikagai batzuetarako zotzak, izozkien makilak eta antzekoak.
- Txikoria, algak, alpistea, gozokiak, zerealak, irina, marmelada.
- Konpostagarriak diren poltsak, ontziak eta tresnak.
Informazio kanpaina, abian
Garbiker sozietate publikoak eta Bizkaiko Foru Aldundiak kanpaina bat abiatu dute, batetik, edukiontzi marroian animalia hondakinak sar daitezkeela jakinarazteko, eta, bestetik, herritarrak halako hondakinak birziklatzeak dakartzan onuren inguruan sentsibilizatzeko.