Gizartea -
KORONABIRUSA
SARS-CoV-2ak denbora gutxiago irauten du azalera porotsuetan
Birusak zazpi egun irauten du plastikoan eta altzairu herdoilgaitzean, lau beiran, bi oihalean eta hiru ordu paperean.
EITB MEDIA
Indiako Bombay Teknologia Institutuko ikertzaileek frogatu dute arnas tanta batek askoz denbora gutxiago irauten duela likido egoeran azalera porotsu batean, eta, ondorioz, zailagoa dela bertan covid-19ak bizirautea, Physics of Fluids aldizkarian argitaratu dutenez.
Egindako ikerketaren arabera, koronabirusak zazpi egun iraun dezake plastikoan eta altzairu herdoilgaitzean, lau beiran, bi oihalean eta hiru ordu paperean.
"Gure azterketan oinarrituta, material iragazgaitzez (beira, altzairu herdoilgaitza eta zur laminatua, besteak beste) egindako ospitale eta bulegoetako altzariak material porotsuz estaltzea gomendatzen dugu, hala nola oihalez, ukimenaren bidez infektatzeko arriskua murrizteko", esan du Sanghamitro Chatterjee ikertzaileak.
Ikertzaileek leku publikoetako eserlekuak oihalez estaltzea ere proposatu dute, besteak beste, parkeetan, merkataritza-guneetan, jatetxeetan eta tren eta aireportuetako itxarongeletan, gaixotasuna zabaltzeko arriskua murrizteko.
Bai azalera iragazgaitzetan bai porotsuetan, tanta baten eduki likidoaren % 99,9 lehen minutuetan lurruntzen da. Horren ostean, geruza mehe mikroskopiko bat agerian dauden zati solidoetan geratzen da, eta birusak bizirik iraun dezake bertan.
Ikertzaileek frogatu zutenez, geruza hori askoz azkarrago lurruntzen da gainazal porotsuetan. Tantak ukipen-lerrotik gertu dagoen likidoaren eta horizontalki orientatutako zuntzen arteko harreman kapilarren bidez hedatzen dira, eta horrek bizkortu egiten du lurrunketa.
Rajneesh Bhardwajen hitzetan, "harrigarria izan zen baieztatzea material porotsuaren xehetasun kimikoek barik horren ezaugarri geometrikoek nabarmen txikitzen dutela geruza mehe horren iraupena".