Gizartea -
Koronabirusa
Bonu gehiago aterako ditu Bilbok krisiak gehien kaltetutako sektoreei laguntzeko
Bilbo Aurrera 2021 egitasmoak 15,1 milioi euroko aurrekontua du, eta 43 neurri jasotzen ditu; besteak beste, merkataritzari, turismoari eta kulturari laguntzeko bonuak.
EiTB MEDIA
Covid-19aren pandemiak Bizkaiko hiriburuan utzi dituen ondorioei aurre egin nahian, hainbat neurri jasotzen dituen plan bat onartu du Bilboko Udalak. Iaz asmo berarekin bultzatutako egitasmoaren jarraipena izango da Bilbo Aurrera 2021 plana.
15,1 milioi euroko aurrekontua izango du guztira, eta 43 neurri jasoko ditu; besteak beste, ostalaritzari, merkataritzari, turismoari eta kulturari laguntzeko bonuak.
Udal-gobernuaren (EAJ eta PSE) eta oposizioaren (Eh Bildu, Elkarrekin Podemos-IU eta PP) artean adostu dute plana, eta ostiral honetan bertan aurkeztu dute Juan Mari Aburto alkateak eta alderdi guztietako ordezkariek, udaletxean bertan.
Ildo nagusiak
Aburtok azaldu duenez, beharrezkoa zen hirian gisa horretako egitasmo bat aurrera eramatea. "Nahiz eta txertoaren iritsierak itxaropen apur bat eman digun, pandemiaren bilakaerak erakutsi digu normaltasunera itzultzea zaila dela oraindik. Ez dakigu zer gertatuko den, eta sektore askok (ostalaritzak, turismoak, merkataritzak, aisialdiko jarduerek eta kulturak) ondorio latzak jasan dituzte", adierazi du agerraldian.
Alkatearen esanetan, iaz hartutako neurriak indartu nahi izan dituzte. "Udalak ahalegin osoa egingo du bizi dugun krisi honetatik lehenbailehen irteteko, Bilborentzat estrategikoak diren proiektuak alde batera utzi gabe", nabarmendu du.
Jone Goirizelaiak (EH Bildu) erantsi du aurrera egiten jarraitzeko Bilbok behar duen "hauspoa" dela onartu berri duten plan hori. Ana Viñalsek (Elkarrekin Podemos-IU), bestalde, azpimarratu du edozein laguntza dela beharrezkoa gaur egun, eta Raquel Gonzalezek (PP) argi utzi du 2020an onartutako planak emaitza onak izan zituela, eta garrantzitsua dela bide horri eustea.