Gizartea -
GAS LEHERKETA MADRILEN
Dagoeneko lau dira Madrilgo gas leherketan hildakoak
Ezbeharrean zaurituetako bat hil da goizaldean La Paz ospitalean. 36 urteko apaiza da hildakoa.
O. A. | EITB MEDIA
Madrilen atzo gertatutako gas leherketan zaurituetako bat hil da goizaldean La Paz ospitalean, eta, beraz, dagoeneko lau dira ezbeharrean hildakoak. 36 urteko apaiza da hildakoa.
Leherketaren unean, eraikineko gas galdara berrikusten ari zen teknikari batekin batera. Antza denez, aspaldian arazoak ematen ari zen.
Madrilgo Elizbarrutiak bere Twitter kontuaren bitartez jakinarazi duenez, 36 urteko apaiza 01:42an hil da, istripuan izandako zaurien ondorioz.
Leherketa atzo arratsaldean gertatu zen Toledo kaleko eraikin batean, Paloma elizaren aldamenean. Hain zuzen ere, eliza horrena da leherketa izan zen lekua eta saloiak ez ezik apaizen etxebizitzak zeuden bertan.
Hildako gainerako pertsonak hauek dira: leherketaren unean kalean zeuden bi gizon (bat 85 urteko gizona) eta galdara konpontzera joandako teknikaria. Gainera, 10 pertsona zauritu ziren.