Gizartea -
KORONABIRUSA
Errioxak funtsezkoa ez den jarduera oro eten eta udalerri guztiak itxiko ditu
Erosketak egitera, lanera, osasun-zentroetara eta hezkuntza-zentroetara joateko eta behar duten pertsonak zaintzeko bakarrik irten ahal izango da udalerritik, besteak beste.
A. S. | EITB MEDIA
Errioxako Gobernuak urtarrilaren 22tik otsailaren 23ra bitartean funtsezkoak ez diren lokal, establezimendu, zerbitzu eta jarduera guztiak eteta erabaki du asteazken honetan. Gainera udalerri guztien (174) konfinamendu perimetrala ere ezarriko du. Erosketak egitera, lanera, osasun-zentroetara eta hezkuntza-zentroetara joateko eta behar duten pertsonak zaintzeko bakarrik irten ahal izango da udalerritik, besteak beste.
Concha Andreu Errioxako Gobernuko presidenteak, Sara Alba Osasun kontseilariak eta Pello Latasa Osasun Publikoko zuzendari nagusiak "gizartean eta hezkuntzan eragina duten" neurri zorrotzen berri eman dute, baina "gaixotasuna berriro kontrolatzeko beharrezkoak" direla gaineratu dute.
Hilaren 16tik aurrera, ostalaritza eta funtsezkoa ez den jarduera duten establezimenduak 17:00etan ixten ari dira Errioxan. Erkidego horrek, Logroñok eta Lardero eta Villamediana metropoli-eremuko udalerriek bezala, itxiera perimetrala izango du hilaren 31ra arte, eta gehinez 4 pertsona bildu ahalko dira, elkarrekin bizi ez badira.