Gizartea -
EGURALDIA
Oiz mendian 113 km/h-ko haize ufadak izan dira, eta 110 km/h-koak, Zugaztietan
Haizeak gogotik jotzen jarraituko du eta abisua ostiralera arte indarrean egongo da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE).
O. A. | EITB MEDIA
Azken orduetan hego ukituko haizeak gogor astindu ditu bazterrak. Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak jasotako datuen arabera, Oiz mendian 113 km/h-ko haize ufadak neurtu dituzte, 110,8 km/h-koak, Zugaztietan (Trapagaran), 109,4 km/h-koak, Urduñan, eta 108,3 km/h-koak, Karrantzan.
Haizegune ez diren tokietan ere haizea indartsu ibili da. Berastegin 95,6 km/h-ko haize boladak izan dira, 85,4 km/h-koak, Zizurkilen, eta 80,1 km/h-koak, Gardean, Laudion.
Haizeari dagokion abisu horia 18:00ak arte egongo da indarrean, haizeguneetan. Haizegune ez diren tokietan, ostera, 15:00etan amaituko da abisu horia.
Ostegunean berriro ere abisu horia aktibatuko da haizeagatik, 09:00etatik 21:00etara, haizeguneetan. Halaber, haizegune ez diren tokien kasuan, 09:00etatik 15:00etara egongo da indarrean.
Ostiralean, abisu horia gauerdian aktibatuko da eguerdira arte, haizeagatik.