Gizartea -
Gatazka osasun zerbitzuan
Euskadik eta Errioxak bilera-sorta egingo dute adostasuna bilatzeko
Gai honi buruz eztabaidatzeko, datozen egunetan bilerak egitea adostu dute Rafael Bengoak eta Jose Ignacio Nietok (Euskadiko eta Errioxako Osasun arduradunak).
Erredakzioa
Osasun zerbitzuaren inguruko gatazkari konponbide bat emateko negoziatzen hasiko dira ostiral honetan Rafael Bengoa eta Jose Ignacio Nieto EAEko eta Errioxako Osasun kontseilariak.
Pedro Sanz (PP) Errioxako Gobernuko presidenteak berretsi du ez dituztela artatuko euskal herritarrak errioxar osasun zentroetan, eta bertako osasun zerbitzua nahi dutenek "eskatu eta hitzartu" egin beharko dutela gaineratu du.
Prentsaurrekoan, Sanzek ohartarazi du ez dutela zerbitzua eskainiko Euskadik ordaindu arte.
Gai honi buruz eztabaidatzeko, gaur bertan bilera egitea adostu dute Rafael Bengoak eta Jose Ignacio Nietok (Euskadiko eta Errioxako Osasun arduradunak).
Errioxako Gobernuaren arabera, "alde bientzat onuragarria izango den akordioa" adostea nahi dute. Hori bai, negoziazio prozesu honen berririk ez dute emango, akordioa lortu arte.
Gogoratu behar da EAEko ospitaletan Errioxako, Kantabriako, Burgosko eta Nafarroako 14.000 bizilagun artatzen dituztela, inolako ordainsaririk gabe, gertutasun printzipioa dela eta.
Horren ildotik, Kongresuan San Pedro Ospitalerako finantziazioa eskatu zutenean, "euskal parlamentarioek" aurka bozkatu zutela esan du.
Sanzek aitortu egin du Jaurlaritzarekin bilera bat egin zutela Casalarreinan, baina ondoren Gasteizko Gobernuak Ministeriora jo zuela salatu du, "gaiztoak gu ginela esateko".
Hortik aurrera, Jaurlaritzarekin hartu-eman gehiago eduki izana ukatu du.
Jaurlaritzak dio hirutan bildu direla
Eusko Jaurlaritzak beste bertsio bat dauka. Rafael Bengoa Osasun sailburuak gutun bat igorri zion atzo Jose Ignacio Nieto Errioxako Osasun kontseilariari, "premiazko" bilera bat egitea eskatzeko, osasun gatazka konpontzea helburu.
Gasteizko Gobernuaren iturriek azaldu dutenez, orain arte hirutan bildu dira Errioxako Gobernuko ordezkariekin, baina ez dute akordiorik lortu.
Atzo igorritako gutunean, akordioa lortu arte euskal herritarrei zerbitzua ematen jarraitzea eskatu zion Bengoak Nietori.
Gose-grebaBien bitartean, Errioxako Gobernuaren egoitzaren aurrean gose-grebarekin jarraituko duela ohartarazi du Ruben Garrido (PP) Oiongo alkateak, Arabako Errioxako bizilagunek osasun zerbitzua berriro jaso arte, nahiz eta Jaurlaritzak eta Errioxako Gobernuak elkarrizketak hasi dituztela iragarri.
Garridok ez du asteazkenetik elikagai solidorik jan eta Logroñoko El Espolon plazan kanpaturik jarraitzen du. Arabako Errioxako herritarrek osasun zerbitzua jasotzeko eskubidea dutela defendatzen du alkateak.