Gizartea -
Nafarroa
Hiru pertsona atxilotu dituzte Ribaforadako etxebizitza batean lapurtzea egotzita
Ustezko bi lapurrek hirugarren susmagarri batek gidatutako auto batean egin zuten alde, etxebizitzan lapurreta egin ostean. Eskalatuz lapurtzea egotzi diete.
eitb media
Nafarroako Guardia Zibilak 35, 32 eta 30 urteko Tuterako hiru bizilagun atxilotu ditu Ribaforadako (Nafarroa) etxebizitza batean lapurtzea egotzita.
Herritar batek jarritako salaketaren harira abiatu zuten ikerketa. Salatzailearen arabera, bi emakume ikusi zituen bere etxebizitzatik alde egiten.
Bi ustezko lapurrei aurre egin ostean, lapurtu zioten telefono mugikor bat berreskuratu zuen salatzaileak, eta bi emakumeek ziztu bizian egin zuten alde, etxebizitzan ostutako beste hainbat objekturekin batera.
Guardia Zibilaren arabera, bi ustezko lapurrek ihesaldian egin zuten ibilbidea argitzen saiatu ziren ikertzaileak. Ikerketan bildu zituzten irudiak funtsezkoak izan ziren lekukoek susmagarriak identifikatzeko, gizonezko batek gidatutako auto batean ihes egin baitzuten.
Jasotako irudiak aztertu ostean, agenteek autoaren jabea lokalizatu zuten, eta, ondoren, bi emakumeak identifikatzeari ekin zioten.
Ikertzaileek jakin zutenez, autoaren jabea hainbatetan identifikatu du Poliziak, beste bi emakumerekin batera. Ondorioz, Tuterako bi ahizpa bihurtu ziren susmagarri nagusi.
Hiru susmagarriak identifikatu ostean, Nafarroako Guardia Zibilak 35 urteko gizon bat (ustezko gidaria) eta 32 eta 30 urteko bi emakume atxilotu ditu, etxebizitza batean eskalatuz egindako lapurretaren ustezko egileak izatea egotzita.