Gizartea -
Gatazka osasun zerbitzuan
Sanz:'Errioxan osasun zerbitzua nahi dutenek hitzartu egin behar dute'
Gai honi buruz eztabaidatzeko, datozen egunetan bilera egitea adostu dute gaur eguerdian Rafael Bengoak eta Jose Ignacio Nietok (Euskadiko eta Errioxako Osasun arduradunak).
Erredakzioa
Pedro Sanz (PP) Errioxako Gobernuko presidenteak berretsi du ez dituztela artatuko euskal herritarrak errioxar osasun zentroetan, eta bertako osasun zerbitzua nahi dutenek "eskatu eta hitzartu" egin beharko dutela gaineratu du.
Prentsaurrekoan, Sanzek ohartarazi du ez dutela zerbitzua eskainiko Euskadik ordaindu arte.
Gai honi buruz eztabaidatzeko, datozen egunetan bilera egitea adostu dute gaur eguerdian Rafael Bengoak eta Jose Ignacio Nietok (Euskadiko eta Errioxako Osasun arduradunak).
Gogoratu behar da EAEko ospitaletan Errioxako, Kantabriako, Burgosko eta Nafarroako 14.000 bizilagun artatzen dituztela, inolako ordainsaririk gabe, gertutasun printzipioa dela eta.
Horren ildotik, Kongresuan San Pedro Ospitalerako finantziazioa eskatu zutenean, "euskal parlamentarioek" aurka bozkatu zutela esan du.
Sanzek aitortu egin du Jaurlaritzarekin bilera bat egin zutela Casalarreinan, baina ondoren Gasteizko Gobernuak Ministeriora jo zuela salatu du, "gaiztoak gu ginela esateko".
Hortik aurrera, Jaurlaritzarekin hartu-eman gehiago eduki izana ukatu du.
Jaurlaritzak dio hirutan bildu direla
Eusko Jaurlaritzak beste bertsio bat dauka. Rafael Bengoa Osasun sailburuak gutun bat igorri dio gaur Jose Ignacio Nieto Errioxako Osasun kontseilariari, "premiazko" bilera bat egitea eskatzeko, osasun gatazka konpontzea helburu.
Gasteizko Gobernuaren iturriek azaldu duenez, orain arte hirutan bildu dira Errioxako Gobernuko ordezkariekin, baina ez dute akordiorik lortu.
Gaur igorritako gutunean, akordioa lortu arte euskal herritarrei zerbitzua ematen jarraitzea eskatu dio Bengoak Nietori.
Oiongo alkateak negoziatzeko dei egin du
Aldez aurretik, Ruben Garrido (PP) Oiongo alkateak negoziatzeko dei egin die Jaurlaritzari eta Errixoako Gobernuari.
Garridok gose-greba abiatu zuen atzo, Errioxak arabarrak artatu arte.
Gaur lehen gaua pasatu du Logroñon, Errioxako Gobernuaren egoitzarren aurrean, kanpatuta. Bere esanetan, edari isotonikoak baino ez ditu gosaldu.
Garridok Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiarekin hitz egin du, auzian esku har dezan.