Gizartea -

2021eko txostena

Garraio Sailak sakelakoen datuak erabiliko ditu Mugikortasun Ikerketa berria egiteko

Arriolak buru duen departamentuak 2016an egin zen ikerketaren "argazkia" eguneratu nahi du, erabilitako garraio motaren eta mugikortasunerako arrazoiaren datuak bilduta.

Garraio mota ezberdinen erabileraren datuak emango ditu txostenak. Argazkia: Irekia
N-240a, Usansolo (Bizkaia) parean.
Garraio mota ezberdinen erabileraren datuak emango ditu txostenak. Argazkia: Irekia

E.G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak sakelakoen datuak erabiliko ditu, lehen aldiz, Euskadiko Mugikortasun Ikerketa berria egiteko. Txostenarekin herritarren mugikortasun modu eta fluxuak datuak izango dituzte eskura garraio jasangarriago bat lortzeko helburuarekin.

Sailak datozen egunetan esleituko du proiektua —400.000 euroko aurrekontua du—. Aurreneko aldiz, telefono mugikorrek eskaintzen dituzten datuak eta Big Datako beste baliabide batzuk erabiliko dituzte EAEko, hiru lurraldeetako eta udaletako mugikortasunaren diagnosia egiteko.

Izan ere, mugikortasunaren nondik norakoak ezagutzea "ezinbestekoa" da beharren araberako garraiobide publikoen zerbitzua eskaini ahal izateko, baita "horien eskuragarritasun unibertsala bermatzeko ere". Hala, helburua da azken txostenak —2016koak— emandako "argazkia" eguneratzea da asmoa, eta "garraio sistema jasangarriago baten bidean aurrera egitea".

Azken datuak, 2016koa

Txostenean honako datuak jasotzen dira, besteak beste: garraio mota ezberdinen erabilera (oinez, bizikleta, auto partikularra, autobusa, metroa, trena...), mugikortasun zioak eta lurralde, hiriburu eta eskualdeko mugikortasun fluxuak (barne zein kanpokoa). Hala, garraio moduen eta eskariaren bilakaera ikus daiteke, baita azken urteetan egondako aldaketa nagusiak ere.

Orain arte erabilitako iturriez gain (telefono bidezko inkestak, aurrez aurrekoak, garraiobide publikoek zein pribatuek emandako datuak), 2021eko txostenerako mugikorrek emandako datuak eta big dataren bidez bildutakoak izango dituzte ikerketa egiteko.

Datuok (erabat anonimoak) edukitzea "jauzi kualitatiboa" izango da ikerketa horrentzat, eta "egungo errealitatearen argazki fidelagoa" eskainiko du, Garraio Sailak zehaztu duenez.

APP berria

Halaber, Iñaki Arriolaren Sailak MovEuskadi izeneko aplikazioa garatuko du datozen hilabeteetan. Helburua da EAEko garraio sistemari buruzko informazioa eskaintzea eta unean uneko euren arteko konexioen berri ematea. Horri esker, erabiltzaileek eskura dituzten zerbitzuak zeintzuk diren eta dituzten tarifak ezagutu ahalko dituzte, euren joan-etorriak hobeto planifikatzeko eta, bide batez, garraiobide publikoa gehiago erabiltzeko aukera emateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Teknologia Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Telefonia mugikorra Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Garapen Iraunkorrerako Helburuak Ingurumena Aplikazioak Garraio publikoa