Gizartea -

Gatazka osasun zerbitzuan

Oiongo alkateak gose greba hasi du Logroñon

Ruben Garrido (PP) "pankarta batekin eta aulki batean eserita" jarri da Errioxako Gobernuaren egoitzaren aurrean bere herrikideei osasun arreta eman diezaietela eskatzeko.

Ruben Garrido (PP) Oiongo (Araba) alkatea, artxiboko irudian. Argazkia: EITB
Ruben Garrido (PP) Oiongo (Araba) alkatea, artxiboko irudian.
Oiongo alkateak gose greba hasi du Logroñon

01:46

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ruben Garrido (PP) Oiongo (Araba) alkateak gose greba hasi du gaur 09:00etan Errioxako Gobernuaren egoitzaren parean, Logroñon, Errioxatik gertu dauden Arabako herritarrek Errioxako osasun zerbitzuetara joateko duten eskubidea aldarrikatzeko.

Errioxako eta Euskal Herriko hedabideen aurrean Garridok azaldu duenez, "lasai" dago eta hiru herritarren laguntza izan du protesta ekitaldiari ekiteko.

Ruben Garrido "behar adina egun" egongo da gose greban eta soinean pankarta bat eramango du. Pankartan "Osakidetza-Errioxa Osasuna. Osasunarekin ez da jolasten, gaixoak ez gara trukerako txanpona. Irtenbidea behar dugu!" irakur daiteke.

Osasun zerbitzuen gatazka amaitu arte gose greban, aulki batean eserita, egongo dela hitz eman du Garridok, eta ziur esan du Pedro Sanz Errioxako presidenteak "atzera" egingo duela eta Eusko Jaurlaritzak esfortzu handiagoa egingo duela Errioxari laguntzeko. Pedro Sanzi "duintasuna emango lioke atzerapauso bat egiteak", adierazi du Oiongo alkateak.

Arabako Errioxako bizilagunei Errioxako ospitaleetara ezin joateak eragiten dien "ezinegona" gose-grebarekin amaituko dela espero du Garridok.

Oionen manifestazioa egingo dute gaur 19:00etan Errioxako ospitaleetan osasun zerbitzua jasotzeko eskubidea aldarrikatzeko.

Errioxak dio ez duela Jaurlaritzaren deirik jaso

Jose Ignacio Nieto Errioxako Osasun kontseilariak esan du Osasun Ministerioarekin pare bat elkarrizketa "azkar" izan dituela telefonoz, baina Ministerioa 2ez da Errioxarekin hitz egitera eta esateko duena entzutera eseri".

Nietok Oiongo alkatea egiten ari den gose grebaren inguruan galdetu diotenean egin ditu adierazpenok.

Kontseilariaren arabera, Garridok hanka sartu du gose greba egiteko lekua aukeratu duenean, izan ere, "Oionek duen arazoa Eusko Jaurlaritzak konpondu behar du, ez Errioxako Gobernuak".

Nietok zehaztu duenez, ez du Eusko Jaurlaritzaren deirik jaso eseri eta gaiaz hitz egiteko, baina Errioxako Gobernua prest omen dago Jaurlaritzakekin biltzeko. Rafael Bengoa Osasun sailburuarekin bildu dela aitortu du, baina bilera horietan ez omen zuten "ezer ere lortu".

Hala ere, Jaurlaritzak laguntza eskatzen badie emango dietela hitz eman du, baina horretarako aztertzeke omen dago nola eman laguntza hori.

Nietok gogorarazi duenez, egunotan antzeko afera izan da Nafarroako eta Errioxako Gobernuen artean ere, eta datozen egunetan litekeena da irtenbidea bilatzea. Baina kontua da Nafarroarekin lan-hitzarmena dutela sinatuta dagoeneko.

Osasun Ministerioari dagokionez, Emilio del Rio Presidentzia kontseilariak esan du ez dutela Leire Pajin buru duen Ministerioaren deirik jaso.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea