Gizartea -
Osasun zerbitzua
Errioxak EAEko pazienteak artatzen ez baditu Gobernuak esku hartuko du
Errioxako Gobernuak eskakizunari jaramonik egiten ez badio EAEko, Nafarroako eta Errioxako kontseilariekin biltzeko konpromisoa hartu du Leire Pajin Osasun ministroak.
Erredakzioa
Errioxako Gobernuak EAEko pazienteak berehala artatzea espero du Osasun Ministerioak, iragan irailera arte egin duen bezalaxe. Bestela, Errioxako, Euskadiko eta Nafarroako Osasun kontseilariak premiazko bilera batera deituko ditu Leire Pajin ministroak.
Pedro Sanzen (PP) Errioxako Gobernuak eskakizunari jaramonik egiten ez badio EAEko, Nafarroako eta Errioxako kontseilariekin biltzeko konpromisoa hartu du Leire Pajin Osasun ministroak, Ramon Jauregui Presidentetzako ministroak gaur ziurtatu duenez.
Logroñotik gertu dauden Arabako udalerrietako pazienteak artatzeari uko egin zion Errioxako Gobernuak. Gatazka gehiago nahastu da gaur, izan ere, Eusko Jaurlaritzak eta Errioxako Gobernuak adierazpenak egin dituzte.
Alboko erkidegoko pazienteak artatzeko gastuen truke ordaindu beharreko diru kopurua zehazteko hitzarmen bat sinatzea eskatu die arratsaldean Ramon Jaureguik Euskadiri eta Errioxari. Hala ere, Logroñora joaten ziren Arabako pazienteak berehala artatzea lehentasuna dela ohartarazi du Jaureguik.
Kostuak
Osakidetzako iturriek azaldu dutenez, EAEko pazienteak artatzeko 4,5 milioi euro xahutzen ditu urtero Errioxak (nahiz eta Errioxako Exekutiboak 7 milioi direla esan). Bestalde, Osakidetzak 2,3 milioi euro bideratzen ditu Errioxako gaixoak sendatzeko.
Errioxako, Kantabriako, Burgosko eta Nafarroako 15.000 bat paziente tratatzen dituzte Euskadiko ospitaleak, eta horretarako 28 milioi euro xahutzen dituzte erakundeek.