Gizartea -

Gertakizuna Bilbon

Irakasle ohi bat labankadaz hil du eta beste 6 zauritu ditu, Santutxun

Santutxu erasotzailea psikiatrikotik polizia-etxera eraman dute gaur arratsaldean. Zaurituetatik bi larri daude oraindik.

Osasun-langileak, zauritu bat ospitalera eramaten. Argazkia: EFE
Osasun-langileak, zauritu bat ospitalera eramaten. Argazkia: EFE
Tragedia Santutxun: Gizon bat labankadaz hil du eta beste 6 zauritu ditu

02:03

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hogeita hamaika urteko gizon batek 65 urteko gizon bat hil eta beste sei pertsona zauritu ditu labankadaz Bilboko Santutxu auzoan, Zabalbideko metro geltokiaren inguruetan. Azkenean, herritarrek atxiki egin dute Udaltzaingoa iritsi den arte. Santutxuko erasotzailea psikiatrikotik polizia-etxera eraman dute epailearen aurrera eraman aurretik, Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Erasoak 09:45ean jazo dira. Ordu horretan, begirada galduta zuen eta oihuka ari zen mutil bat hainbat pertsonari erasotzen hasi da, labana batekin, Tomas del Hierro Bilboko Udaleko Segurtasun zinegotziak jakinarazi duenez.

Lekuko batek horrela azaldu du gertatutakoa: "erasotzaileak bikote bat jarraitu du metrotik atera ostean, eta irainka hasi da. Bikotea merkatu batean ezkutatu da, baina atera direnean gizonezkoa zain zegoen. Emakumea defendatzen saiatu da, eta ondoren erasotzaileak labana atera eta haien eta beste hainbaten aurka egin du". Ondoren, Herrizaingo sailburuak lekukoak esandakoa baieztatu du: "Erasotzaileak eztabaida bat izan du bikote batekin Metroan, gizonak emakumea defendatu du, eta orduan labankadak hasi dira".

"Emakume bati 'Lagundu! Lagundu!' oihuak entzun dizkiogu, eta denok kalera atera gara", gaineratu du dendari batek. "Erasotzailea guztien aurka egiten ari zen, drogatuta zegoen".

Hori ikusita, herritarrak gizona geldiarazten saiatu dira, baina hura taberna batean sartu da, eta bertan pertsona gehiago sastatu ditu.

Tabernako bezeroetako bat, 65 urtekoa, erasotzailea atxikitzen saiatu da, eta hark sastatu egin du. Osasun-langileak suspertzen saiatu badira ere, ezin izan dute ezer egin eta han bertan hil da. eitb.com-ek jakin izan duenez, biktima, K.O.M., irakaslea zen Santutxuko Karmelo ikastolan.

Azkenean, herritarrek lortu egin dute gizona geldiaraztea, tabernan lauza bat jaurtiz, eta atxiki egin dute Udaltzaingoa iritsi den arte. Erasotzailea Ertzaintzaren esku dago une honetan.

Kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, Tomas del Hierrok goratu egin du herritarren jokaera.

Bestalde, sei zaurituak ospitaletara eraman dituzte. Gehienek arma zuriz egindako zauriak dituzte bularrean. Galdakaon zeuden bi zaurituak etxera bidali dituzte, baina bi emakume oraindik larri daude. Gurutzetako ospitalean eta Basurtoko erietxean dituzte. Hala ere, medikuek diote inor ez dagoela hiltzeko moduan.

Hain zuzen ere, zaurituak 47, 30 eta 20 urteko hiru emakume eta 53, 28 eta 21 urteko hiru gizon dira.

Horiez gain, beste pertsona bat ere artatu behar izan dute, nerbio-krisi batek jota.

Udalak elkarretaratzea deitu du

Bilboko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen bat adostu du Santutxuko erasoa gaitxesteko eta biktimei elkartasuna adierazteko.

Idazkian, hildakoaren senideei elkartasuna adierazi die Udalak, eta gainontzeko sei pertsonei "erabat sendatzea" desiatu die.

Bilbok "bat egin du" Santutxu auzoarekin eta "erasotzaileari aurre egin dioten eta eraso gehiagorik egin ez dezan lortu duten auzokideek erakutsitako lana eta gizalegea aintzatetsi" nahi izan du.

Gertaera honen aurrean, Bilboko Udala, akusazio partikular gisa aurkeztuko da eta Fiskaltzarekin eta familiarekin kolaboratuko du, "erasotzailearengan legearen indar guztia eror dadin".Biktima eta senideekiko mina eta elkartasuna adierazteko, Ernesto Erkoreka plazako bandera haga erdian jarriko da hiru egunetan eta bost minutuko elkarretaratzea egingo dute bihar, eguerdiko 12:00etan Bilboko Udaletxeko eskailera nagusiaren aurrean. Lehendakariak 'justizia' eskatu du Bestalde, Patxi Lopezek azpimarratu duenez, "dolu eguna da gaurkoa euskal gizarterako". Gainera, erasotzaileari "zor zaiona emateko" desioa adierazi du eta "elkartasun osoa" erakutsi dio biktimaren familiari. "Berreskuratutako askatasuna aldarrikatzen dugun egunak odolezko orban bat du, Bilboko pertsona batek herritar batzuei eraso egin dielako eta horietako bat hil duelako", adierazi du Patxi Lopezek Donostian egindako hauteskunde ekitaldi baten amaieran.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea