Gizartea -

TRAFIKOA

EAEko errepideetan 38 pertsona hil dira aurten, % 25 gutxiago

Diaz de Corcuerak gogorarazi duenez, koronabirusa dela eta, ezohiko urtea izan da aurtengoa, ohiko mugikortasun ereduei erantzun ez diena.

Trafikoa Bilbon. EITBko bideo batetik ateratako irudia.
Trafikoa Bilbon
Trafikoa Bilbon. EITBko bideo batetik ateratako irudia.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guztira 38 pertsona hil dira aurten EAEn trafiko istripuetan, % 25,5 gutxiago aurreko urtearekin alderatuta, eta trafiko istripuen kopurua % 28 jaitsi da. Eusko Jaurlaritzak nabarmendu duenez, ezbeharren murrizketa horren arrazoia covid-19aren murrizketen ondorioz trafikoa eta mugikortasuna murriztu izana izan da.

Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordeak aurkeztu du aurtengo ezbehar kopuruari eta trafikoari buruzko behin-behineko balantzea ostegun honetan, eta zuhurtasunez jokatzeko eta, ahal den neurrian, Urtezahar gauean eta Urteberri egunean joan-etorriak saihesteko deia egin du. Egun horietan, Ertzaintzak dispositibo bat aktibatuko du herritarren osasuna arriskuan jar dezaketen jokabideak saihesteko.

Aurten, EAEn 38 pertsona hil dira trafiko istripuetan, 2019an baino 13 gutxiago, hau da, % 25,5 gutxiago. Lurraldeka, Bizkaian 16 pertsona hil dira (iaz baino sei gutxiago), Gipuzkoan 17 (bi gutxiago) eta Araban bost (2019an baino bi gutxiago).

Kolektibo zaurgarriak

Sonia Diaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak azaldu duenez, trafiko istripuetan hildakoen % 44,7 kolektibo zaurgarriei dagozkie, hala nola motorzaleei, oinezkoei edo txirrindulariei. Aurten bederatzi motorzale (2019an 16), sei oinezko (iaz 13) eta bi txirrindulari (iaz baino bat gehiago) hil dira EAEn.

Bestalde, zauritu larriak eragin dituzten 344 trafiko istripu erregistratu dira (iaz baino % 23,4 gutxiago), eta trafiko istripuak, guztira, % 28 murriztu dira 2019ko datuekin alderatuta. Kolektibo zaurgarrien kasuan, zauritu larriak eragin dituzten 111 istripu gertatu dira, motor-gidariak tartean zirela (iaz 127 izan ziren).

Zubiaga eta Diaz de Corcuera bat etorri dira ezbeharren murrizketa horrek "zuzeneko" lotura duela koronabirusaren pandemiaren aurkako murrizketek eragindako mugikortasunaren eta trafikoaren murrizketarekin esaterakoan.

Hori dela eta, nahiz eta aurten ezbeharren kopuruak hobera egin duen, bidaiatzeko edo joan-etorriak egiteko orduan zuhurtziaz eta arduraz jokatzeko deia egin dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Trafikoa Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Trafiko-istripu hilgarriak