Gizartea -

Save the Children

Seme-alabak dituzten familia zaurgarriak dira kaltetuenak Gabonetan

Honen harira, #GabonikGabekoFamiliak kanpaina aurkeztu du Save the Childrenek, familia zaurgarriek Gabonetan dituzten zailtasunak ikusarazteko.

Save the Childrenek utzitako irudia.
Save The Children
Save the Childrenek utzitako irudia.

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Seme-alabak beren ardurapean dituzten eta pobrezia edo zaurgarritasun-egoeran bizi diren familiak dira kaltetuenak Gabonetan, pandemiaren eraginez. Hala adierazten dute GAD3 aholkularitza-etxeak egin duen “Pandemiaren inpaktua haur zaurgarrienengan” inkestak argitaratutako datuek.

Save the Children erakundeak ohartarazi duenaren arabera, haurrak dituzten familia zaurgarrien % 77k beren diru-sarrera maila jaitsi egin dela ikusi du; erdiek (% 54) lana galdu dute, eta lautik bat (% 24) aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientearen eraginpean dago.

Datu horiek, ordea, ez datoz bat seme-alabarik gabeko familietan gertatzen denarekin: % 31 dira, kasu horretan, beren diru-sarrera maila jaisten ikusi dutenak. % 16k galdu du lana, eta % 12 dira aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientearen eraginpean daudenak.

Inkestak garbi erakutsi du, halaber, seme-alabak beren ardurapean dituzten eta pobrezia-egoeran dauden familiak izan direla Euskadin kaltetuenak Gabon jai hauek prestatu eta gozatzeko orduan ere.

Seme-alabak beren ardurapean dituzten 4 familia zaurgarritik ia hiruk (% 70) zailtasunak izango dituzte seme-alabei opariak erosteko, eta hirutik biri (% 60) oso zaila gertatuko zaie afari berezi bat egitea. Familia horien erdiek (% 54) ahalegin handia egin beharko dute, gainera, arropa beroak erosteko ere.

Honen harira, #GabonikGabekoFamiliak kanpaina aurkeztu du Save the Childrenek. Helburua familia zaurgarriek Gabonetan dituzten zailtasunak ikusaraztea da, eta krisiak haur ahulenengan dituen ondorioak arintzea.

Iristen ez diren laguntzak

Pandemiaren ondorioei aurre egin ahal izateko dirulaguntzak eskatu dituzten Euskadiko familien ia erdiek (% 45) ez dute halakorik jaso oraindik.

Gainera, Save the Childrenek esan duenez, lehenbailehen erreformatu behar da diru-sarrerak bermatzeko errenta, beren ardurapean seme-alabak dituzten familiei babes eta dirulaguntza handiagoak eman ahal izateko, batez ere guraso bakarreko familien kasuan.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Gabonak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Umeak Gosea Koronabirusa